Zubietako erraustegia tximiniarik gabekoa izango ote zen? Hala iradokitzen zuten GHKk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak obrak hasi aurretik zabaltzen zituzten ordenadore bidezko irudiek. Egunotan, ordea, labeak sudurren aurrean dauzkaten Usurbilgo herritarrek begi hutsez eta kaletik bertatik ikusi ahal izan dituzte bi tutu erraustegiaren sabaian: horra tximiniak.
Usurbilgo herritar batek bidali digu gaur, martxoak 5, goizean erraustegiaren obrei hurbiletik ateratako argazki hau. Loratan dauden oteen artetik, Andatza mendiaren magaletik, hartutako irudian ageri da lanak oso aurreratuta dauzkan Zubietako erraustegia, argazkiaren ezker aldean nabarmen dauzkala bi tximiniak.
Argazkiaren goiko aldean, Usurbilgo herri gunea ikus daiteke labeetatik bi kilometro eskasera eta tartean Oria ibaia eta erriberak. Eskuinera, oso metro gutxira daude Landaberri ikastola eta Real Sociedaden futbol zelaiak eta urrunxeago Lasarte-Oria herria. Pixka bat harantzako, Gipuzkoako Ingurumen Gunea deitu erraustegitik 5 kilometro justura, Donostiako Añorgan zaborrak erretzen ari da Cementos Rezola porlan fabrika, Donostiako lehen erraustegia.