argia.eus
INPRIMATU
Zubietako erraustegiak Arkaitzerrekara amoniakoa isuri zueneko urteurrenean, errekara martxa antolatu dute
  • Urtebete igaro da Zubietako erraustegiak amoniakoa isuri zuenetik Arkaitzerrekara. Amoniako-isuriak erreka zeharo erre zuen. Anerreka Elkarteak martxa bat antolatu du.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 05a
Argazka: GuraSOS

Maiatzaren 9an urtebete beteko da Zubietako erraustegiak Arkaitzerrekara egindako amoniako-isuriak ehunka arrain hil zituenetik. Hildako arrainen artean aingirak zeuden, babestutako espeziea. Gertakarion urteurrenarekin bat eginez, maiatzaren 9an Arkaitzerrekara martxa antolatu du Anerreka Elkarteak. Martxa goizeko 11etan izango da. Bi zutabe egongo dira, lehen zutabea Zubietako Plazatik irtengo da eta bigarrena Usurbilgo Frontoitik.

Eguzki elkarte ekologistak adierazi duenez, Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatu eta Hondakinen Kontsorzioko lehendakariak hasiera batean ukatu egin zuen isuria erraustegitik zetorrela. Azkenean, amoniako-ihes bat izan zela onartu beharra izan zuen herritarren salaketak zirela medio. “Egoera horren aurrean, herritarrak behartuta gaude erraustegia zuzenean kontrolatzera eta baliabide naturalak babestera. Horra hor, igandean antolatutako martxa bikoitzaren arrazoia”, adierazi du Eguzki talde ekologistak.