Azaroaren 19an goizerako hitzaldi berezia antolatu du Hernanin Zero Zabor elkarteak: Holandako ToxicoWatch fundazioak Zubietako erraustegiaren kutsaduraz 2021ean bildutako laginekin egin duen txostena oinarri hartuta, Errausketaren Aurkako Mugimenduko bi kidek datuak eta emaitzak aurkeztuko dituzte, "Zer dakigu Zubietako erraustegiaren kutsaduraz?" hitzaldian.
ToxicoWatch fundazioak urteak daramatza Holandako Harlingen hiriko erraustegia kontrolatzeko lanean, Hernanin Zero Zabor elkarteak adierazi duenez, "erraustegiko arduradunek kontrolik gabe lagatako edo apropos ezkutatutako kutsadurak herritarrei azaltzeko". Holandan egin zuten ikerlana 2019an aurkeztu zuten Hernanin (hemen irakur daiteke garai hartan Pello Zubiriak ToxicoWatcheko ordezkariari egin zion elkarrizketa), eta geroztik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Zubieta Lantzen elkarteak eskatuta gauza bera egiten hasi ziren Zubietako erraustegiaren inguruan. Ikerketa hori finantzatzeko herritarren artean diru-bilketa egin zen eta hainbat udalek ere dirulaguntza eman zuten.
ToxicoWatchek lehenbizi erraustegia martxan jarri aurreko egoera analizatu zuen, horretarako aztertuz inguruko oilategietako arrautzak, erraustegi inguruko ura, errekako lohia, zenbait landare eta zuhaitzen hostoak, goroldioa eta abar. 2020an eta 2021ean berriro egin dute neurketa, bildutako lagin berriak laborategian analizatuta.
2021eko txostenak erakusten dituen datuak aurkeztuko ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduko kide usurbildar batek, zeinak parte hartu duen laginen bilketan eta analisietan. "Datu kezkagarriak" direla aurreratu du Hernanin Zero Zabor elkarteak.
Hernanin Zero Zabor elkarteak antolatutako aurkezpen hau Biteri kultur etxean egingo da, azaroaren 19an (larunbata) goizeko 11:00etan.