argia.eus
INPRIMATU
Zubietako erraustegia industria segurtasun araudiari bizkarra emanda funtzionatzen ari dela salatu du GuraSOSek
  • GuraSOSek hainbat dokumentu helarazi dizkie zenbait hedabidera, frogatzeko Zubietako erraustegia arauz kanpo ari dela funtzionamenduan. GuraSOSek salaketa jarri du Fiskaltzan, erraustegiaren legeztatze tramitazioan aurkitutako delituengatik.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 17a

Zubietako erraustegia “arauz kanpo” jarduten ari dela frogatzeko, GuraSOSek hainbat agiri helarazi dizkie zenbait hedabideri.

Berriak jasotzen duenez, ekoizpen elektrikoko administrazio erregistroan ezin zuela instalazioa inskribatu jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzak Zubietako erraustegiaren kudeaketaren arduraduna den Ekondakin enpresari, abenduaren 1eko data daramaten agiriaren bidez. Sare elektrikoan energia sartu ahal izateko nahitaezkoa da erregistroan inskribaturik egotea, eta hargatik, Zubietako erraustegiak ez dauka baimenik halakorik egiteko.

Gauzak horrela, GuraSOSek jakinarazi du ostegunean duela asmoa sarea kudeatzen duen Red Electrica Españolari, Zubietako erraustegia sarera sartzen arituz gero, hala egitea eragotzi diezaion. Red Electrica Españolak ukatu egin zuen halakorik gertatzen ari zenik urriaren 28an.

Iragan astean, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) eta Ekondakinek sinatutako akta ere mahaigaineratu dute. Enpresak beren zerbitzuak eskaintzen eta hargatik kobratzen hasi zirela jakinarazi zuen Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. Aste honetan, GHKk erabaki du enpresari ordaintzea, instalazioak “ohiko funtzionamendua” duela adieraziz. GuraSOSek, baina, ukatu egin du ohiko funtzionamendurik dagoekin, eta Jaurlaritzaren agiriak egin ditu publiko gezurretan ari dela leporatu ez diezaioten.

GuraSOSek publiko egindako agirien artean akta bat ere bada, eta bertan jasotzen dira urriaren 22an Jaurlaritzaren Industriako teknikariek ordezko sistema elektrikoan egindako ikuskatzaren nondik norakoak. Aktan zehazten denez, zortzi arau hauste larri eta arin bat antzeman ziren. Azaldu dutenez, Jaurlaritzak akatsak zuzentzeko eskatu zion Ekondakinik, baina honek ez ditu ez akatsak zuzendu ez horretarako epea luzatzeko eskatu ere. Hargatik, abenduaren 4an Eusko Jaurlaritzak gogorarazi zuen sistema ez zegoela legeztatuta eta instalazioak ez zituela jardunerako baldintzak betetzen. “Egun horretan bertan, Asensiok prentsaren aurrean Industria Sailaren beste agiri bat erakutsi zuen, haren ustez, funtzionatzeko ahalmena ematen ziona”, jasotzen du Berriak, azalduz bi agiri horiek Jaurlaritzako funtzionario biren sinadura daukatela.

Erraustegia industria segurtasunaren araudia segi gabe ari dela funtzionatzen salatu du GuraSOSek, eta salaketa jarri du Fiskaltzan, erraustegiaren legeztatze tramitazioan aurkitutako delituengatik. Susmoa dute, besteak beste, instalazioetako kudeatzaileek agiriak faltsutu dituztela eta prebarikazioa egin dutela.