argia.eus
INPRIMATU
Zubietako erraustegia baimen baten faltan ari da eta argindarrik ekoiztu barik
  • Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHKko lehendakari Ignacio Asensiok aitortu duenez, Zubietako erraustegiak jarraitzen du argindarrik sortu gabe eta ofizialki abian jarrita dagoela adierazten duten baimen guztiak lotu gabe. Baina, gainerakoan, hondakinak erretzeko baimen probisionala indarrean dela eta labeak martxa normalean ari direla azpimarratu du.

Zero Zabor @zero_zabor 2020ko abenduaren 04a

Berrikitan zenbait hedabidek zabaldu zuten  –GuraSOS elkarteak haiei jakinarazirik– Zubietako erraustegiaren kudeatzaileek ez lutela lortu Industria Sailak eman beharreko baimen bat eskuratzea eta baimen probisionala iraungita egonik hondakinak modu ez-legalean ari direla erretzen. GuraSOSek gaia auzitegietara eramatea ere aurreratu zuen.

Baimena zehazki Iotuta dago erraustegiaren sistema elektrikoarekin. Instalazioak argindarrez elikatzeko funtsezkoa den transformadore nagusia bigarrenez erre zen joan den irailean eta geroztik espreski bertara ekarritako sistema elektrogeno batez lagunduta ari da Zubietako labea hondakinak erretzen, Eusko Jaurlaritzaren Industria sailak horretarako emandako baimen probisional batekin. Berrikitan erraustegiaren kudeatzaileek baimen hori berritzea eskatu zion Jaurlaritzari eta honek ukatu egin dio eta, beraz, Ekondakin kontsortzioa bere lanean baimen horren faltan ari da.

Baimenaren iraungitzearen garrantziaz gain, badauka arazoak beste osagai nabarmen bat: balorizazio energetikoa eufemismoa darabilten erraustegiek beren jarduera justifikatzeko diote hondakinak kiskaliz argindarra sortzen dutela milaka etxebizitzaren argi eta berokuntzazko hornidura baimenduz. Zubietako erraustegiak, GuraSOSek salatu duenez, ez du horrelakorik lortzen: abian jarri zenetik ez du kiloWatt bakar bat ere sortu, aitzitik, eregai fosilez funtzionatzen duten generadore bidez eskuratu behar du zaborrak erretzeko makinak piztuta atxikitzeko argindarra. Erraustegien diru-laguntza ugariak justifikaziorik gabe leudeke berriro ere, Bizkaian Zabalgarbirekin gertatzen den moduan.

Bi egunen buruan –tartean EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek gaiaz galdera egin ostean– hartu du hitza Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHKko lehendakariak. Haren ustez, GHKren zerbitzu juridikoek esan diotenean oinarrituta, GuraSOSek salatu duena administrazio mailako tramite kontu soil bat besterik ez da, Zubietako erraustegiaren martxari batere eragiten ez diona. Zubietako instalazio guztiak baimen guztiak ordenean omen dauzkate eta normaltasun osoan ari omen dira lanean. Argindarra sortzeko ordez kontsumitu egiten duela dioen albisteaz ez du deus esan.