argia.eus
INPRIMATU
Zubietako errauste planta eraikitzeko proiektua legez kanpokoa da
  • Zubietako errauste planta eraikitzeko proiektuak ez ditu Eusko Jaurlaritzak agindutako ingurumen baldintzak betetzen Berria eta Gara egunkariek plazaratutako albisteen arabera. Zubietan eraiki beharreko errauste plantarentzako Jaurlaritzak ingurumen baimen bateratua (IBB) eman ostean, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) hasierako proiektua aldatu zuen, egunkariok argitaratu dutenez.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 12a

Baimendu zen proiektuaren eta GHK enpresa talde bati esleitu zionaren arteko aldaketok funtsezkoak izan direnez, eraikitzen hasi eta gaur etenda dagoen proiektu errealaren legezkotasuna kolokan jarri zuten.

Eusko Jaurlaritzaren ingurumen sailburuordetzak oniritzia emandako proiektuari, alde batetik, atal garrantzitsuak desagertu zaizkio. Hasierako proiektuak aurreikusten zuen errausketak sortutako hondakin toxiko arriskutsuak (eskoriak eta errautsak) tratatzeko azpiegiturak eraikitzea; GHK lehiaketa publikora ateratako proiektuan aldiz, ez dira aipatu azpiegiturak ageri. Bestetik, baimendutako proiektuarekin alderatuta, lehiaketan esleitu zen bigarren proiektuan errauste planta hiru metro gorago kokatu zuten, horrek kutsaduraren zabalkundean nola eragingo lukeen aztertu gabe.

Orain Berriak eta Garak haizatu dutena ez da Zubietako errauste plantaren proiektuari egotzi zaion lehenbiziko lege urraketa. Aurretik salatu izan dira irregulartasunak izan dira bai finantzazioan zein lehiaketa publikora ateratako obraren adjudikazioan.

Jaurlaritzak 2010ean eman zion IBBa proiektuari, baina 2011 hauteskundeetan Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduren ardurapean geratu ostean, obrak geldirik daude. Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko lehendakariak Berriari duela gutxi adierazi zionez, “hilabete gutxiko kontua” izango da errauste plantaren proiektua atzera botatzea. Baliteke obra egiteko lehiaketa irabazi zuten enpresei kalte-ordaina ordaindu behar izatea, baina hori saihesteko ahaleginetan ari dira.