argia.eus
INPRIMATU
Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresari zigorra jartzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak
  • Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez, gainera, Artaxoako plantari hondakinak jasotzea debekatzen dion ebazpena kaleratu du bere departamentuak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko ekainaren 20a
Zubietako erraustegitik milaka tona lixibiatu eraman ziren Artaxoara, halako materialak ekoizteko eta tratatzeko baimenik ez izan arren. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara, milaka tona lixibiatu eraman zituzten 2022 eta 2023 artean Zubietako erraustegitik modu ilegalean, identifikazio kodea aldatu eta "lohiak" balira bezala jasotzeko.

Eskandalua duela hilabete batzuk lehertu zen, eta auzitegietako bide penala ere hartu du, Donostiako epaitegi bat kasua ikertzen ari baita; José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatua ere ikertua izaten ari da auzi horretan, fiskaltzak eskatuta. Zubietako zaborrak Ekondakin enpresak kudeatzen ditu, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak azpikontratatuta, eta Asensio da sozietate publikoaren presidente.

Orain, Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailari eskatu dio zigor espedientea ireki diezaiola Ekondakini, Artaxoara eramandako hondakin horiengatik. Hala jakinarazi du Jose María Aierdi ingurumen kontseilariak, Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen eta Ingurumen batzordean egindako agerraldian.

Aierdik (Geroa Bai) azaldu du isun eskaera "enpresa pribatu" bati dela, eta "ohiko praktika" bat dela arau hauste bat egin badu, enpresa hori dagoen erkidegoko ingurumen agintaritzari jakinaraztea

Nolanahi ere, Aierdik (Geroa Bai) azaldu du isun eskaera enpresa "pribatu" bati dela, eta "ohiko praktika" bat dela arau hauste bat egin badu, enpresa hori dagoen erkidegoko ingurumen agintaritzari "jakinaraztea".

Zubietako erraustegiak lixibiatuak ekoizteko baimenik ez izan arren, gutxienez urte eta erdiz garraiatu zituen Ekondakinek ekotoxititatea sorrarazi dezaketen halako gaiak Artaxoara –"ezohiko gertaerek" sorturikoak zirela argudiatuta–. Baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen hori kontrolatu, ezta materialaren karakterizazioaren informaziorik jaso ere, "bi erakunde pribaturen arteko harremana" zelako, Arantxa Tapiak Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren galdera baten erantzunean aitortu zuenez.

Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilaria, Nafarroako Parlamentuko batzordean, asteazkenean.

Artaxoako planta ixteko agindua

Nafarroako Parlamentuko agerraldian, Aierdik azaldu du asteartean bertan Ingurumen departamentuak ebazpena sinatu duela, Artaxoako planta behin behinean eta kautelazko neurriekin ixteko –urtarrilean harturiko erabakia berretsi du–. Hortaz, Ecoferti debekatu egin dio inolako hondakinik jasotzea.

Planta horrek, Zubietatik eraman ziren 5.500 tona lixibiatuez gain, beste milaka tona lixibiatu jaso zituen Tuterako Oleofat lantegitik –egoitza Gasteizen duen enpresa–, horiek tratatzeko baimenik ez izan arren. Ecofertek Nafarroako Gobernuaren ebazpenari helegitea jartzeko aukera du eta auzibidean jar liteke kasua.