argia.eus
INPRIMATU
Zubieta inguruko alkateek eskatu dute errauskailua behin betirako baztertzea
  • Zubieta inguruko hainbat herritako alkateak bildu ziren atzo Gipuzkoako errauste planta eraikitzeko hasita dauden Zubietan, erreboteko frontoian. Legez erdi batean Donostia eta beste erdian Usurbil den herri horretatik egin zieten eskaera errauskailuaren gainean ardura daukatenei, eta Gipuzkoako herritar guztiei, azpiegitura handi hori eraikitzeko asmoa betirako baztertu dadin.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2013ko martxoaren 01
Zubieta inguruko alkateak prentsaurrekoan (Argazkia: Noaua!!)

Honako alkateak azaldu ziren hedabideen aurrean: Luis Intxauspe (Herna­ni), Mertxe Aizpurua (Usur­bil), Pablo Barrio (Lasarte-Oria), Ana Carrere (Andoain), Andoni Gartzia (Astigarra­ga), Alazne Olaizola (Zubie­tak bere autonomiagatik daukan auzapeza). Donostiako alkateak ordezkari bidali zuen Nora Galparsoro. Bilkuran present egon zen Zubietako Herri Batza­rre­ko kide Joxeli Aroztegi ere present. Han bildutako alkate guztiek prestatutako agiria -Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek ere sinatuta dago- irakurri zuten agiria .

Errauste plantaren gunea eta bere inguruak biltzen zituen argazki baten aurrean azaldu ziren ordezkariak, irudiak kolore biziagoz berezita zeuzkalarik “0 gune” horren inguruko 5 kilometroko erradioak harrapatzen dituen herri eta lurrak, tartean prentsaurrekoan ordezkatutako herrienak.

Hernaniko Kronikak bildu duenez, Hautetsiek aldarrikatu zuten hondakinen inguruan Gipuzkoan gaur dagoen eztabaidan haien udalak bereziki entzunak izateko eskubidea eta beharra: “Gure herritarrekiko du­gun arduragatik, behartuta sentitzen gara erraustegiari buruzko eztabaida publikoan parte hartzera. Azken hilabeteotan erraustegia egiteko lanak geldirik egon dira, baina ez dugu mamua uxatzerik lortu”.

Aipamen berezia egin zioten udalerriotako herritarren osasunean errauskailuak edukiko lituzkeen ondorioek sortzen dieten kezka: “Hondakinak erretzea oso arriskutsua da osasunerako. Bat aipatzeagatik, Madrilgo Carlos III-ko ikerlariek orain gutxi esan dute, erraustegiak nabarmen handitzen duela minbizia izateko arriskua inguruko herrietan. Gure herritarrek ez dute hori merezi. Inork ez du hori merezi. Beraz, erraustegirik ez; ez Zubietan, ez inon”.

Zubietan irakurritako agiria –Zubieta inguruko alkateen adierazpena errauskailuaren inguruan– Usurbilgo Noaua! aldizkariaren gunean irakur daiteke osorik.

Zero Zabor blogetik hartutako artikulua.