Lau urtez Euskadi Irratiak eta France Bleuk elkarlanean egindako Zubiak saioarentzat da aurtengo Irratia Argia Saria. Alaia Martinek, Pantxis Bidartek eta Lohizune Amatriak jaso dute saria.
Lau urtez entzun ahal izan dugu irratsaioa. Zubiak zuen izena, ezin bestela izan. Astero zubiak eraikitzen aritu dira, aurkezleen hitzetan “herri bat garela erakusteko”. Euskal Herria alderik alde zeharkatu dute. 360 irratsaio eta bakoitzean gutxienez lau bat gonbidatu. Herriak, jendeak, berriak eta egitasmoak ezagutzeko aukera eman dute.
Saio bakoitza goxo harilkatu dute, astero saioari hitz bat atxiki diote eta jolas egin dute hitzarekin, poesia. 2020ko uztailean “Azkena” izena zuen saioa emititu zuten. Hain zuzen ere, azkena izan baitzen. Pandemiaren atzaparrak iritsi zitzaizkion Zubiak saioari. Agurreko irratsaioan aurkezleek adierazi zuten, pandemia betean, nola beste behin Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga badela agerian gelditu den.
Irratsaioak ez du jarraituko zubiak sortzen. Hala, aurkezleek gonbidatu gaituzte saioaren lorratzari segi eta zubiak eraikitzen jarraitzera.
Zubiak saioa Alaia Martinek eta Pantxis Bidartek gidatu dute. Lohizune Amatria aritu da Nafarroatik kolaborazio lanak egiten. Euskadi Irratiak eta France Bleu-k elkarlanean egindako saioa izan da eta Euskalerria Irratiak haiekin kolaborazio lanak egin ditu.
Horregatik guztiagatik, aurrengo Argia saria Zubiak saioarentzat da.