Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak etxe huts bat okupatu zuen Irabarnen apirilaren 15ean, eta erreala ez zen alokairu iragarki bat jarri. Sareak azaldu du ez zela beren asmoa esperantza faltsuak sortzea, eta iragarkiak sortutako interesak agerian utzi duela "zenbaitek etxebizitza bat lortzeko dituen trabak".
Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak (XEKK) jarritako etxebizitza alokairu baten iragarki faltsuak interes handia piztu du. Kolektiboak uste zuen garbi zegoela iragarkia ironikoa zela, "ez baitzen batere erreala"; 150 euroren truke jarri zuen alokagai baserria. Egunean bertan kendu zuten iragarkia, izan ere, espero gabe 1.451 ikustaldi izan zituen, 29 pertsonak emailez kontaktatu zuten eta 117k iragarlearen zenbakia eskatu zuten.
XEKK-k azaldu du ez zuela esperantza faltsuak sortzeko asmorik, eta iragarkiak sortutako interesak agerian utzi duela "zenbaitek etxebizitza bat lortzeko dituen trabak".
Apirilaren 15ean Irabarneko bigarren etxebizitza bat sinbolikoki okupatu zuen XEKK-k, etxe hutsak seinalatzeko asmoz. Horrez gain, herri horretako beste bederatzi etxe huts ere seinalatu zituen: "Gotaine-Irabarnen %21 bigarren etxebizitzak dira, eta adibide bat baizik ez da". Adierazi du asko direla egoera berean dauden herriak, baita okerrago daudenak ere.