Azaroaren 1ean hasiko dute kanpaina, ikastolen finantziazioan laguntzeko eta bertako ekoizle txikien produktuak ezagutarazteko. Gogorarazi dute euskararen transmisioa bermatzeko ezinbestekoak direla ikastolak.
2003az geroztik gabonetako otarren kanpaina egiten dute Zuberoan dauden bi ikastolek –Alozeko ikastolak eta Eperra ikastolak–. Aurten ere azaroaren 1etik 28ra aukera egongo da hiru saski desberdin erosteko (Ahüzki, Irati eta Orhi). Guztiek dituzte ikastoletako guraso eta guraso ohiek ekoitzitako bertako produktuak.
Antolatzaileen esanetan, urtez urte eskaria handitzen ari da. Iaz 2.200 otar saldu zituzten, aurrekoan baino 500 bat gehiago. Pandemiak eragindako egoera dela-eta diru iturriak murriztu zaizkie Zuberoako ikastolei, eta jakinarazi dute saskien salmentak lagundu diela arazo ekonomikoei aurre egiten.
Euskararen transmisiorako bermea
Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala, eta Frantziako Estatuak traba ugari ezartzen dizkio hizkuntza gutxituari. Besteak beste, aurten Parisek erabaki du murgiltze eredua “konstituzioaren aurkakoa” dela. Egoera ikusita, Zuberoako ikastolek nabarmendu dute saskien funtsetako bat dela euren esku dauden dinamikak martxan jartzea: “Bihar eta etorkizunean autonomia handiago batekin bizitzeko gisan”. Halaber, ikastolak lagunduz euskara sustatzeko deia egin dute. “Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen”.
Gabonetako otarrak Ikaskoliren webgunean eskuratu daitezke, eta proiektua “lurralde guztietara” zabaltzen lagundu nahi duen oro haiekin harremanetan jartzera bultzatu dute.