Xiberotar gazteen beharrak ezagutu eta horiei erantzuna emanez gazteen parte-hartzea handitzeko helburuz, inkesta egin du Azia elkarteak. Garraioaz, kultur jarduerez, formakuntzaz eta etxebizitzaz aritu dira gazteak, besteak beste.
16 eta 35 urte arteko 136 gazteren erantzunak jaso dituzte eta hainbat gai mahaigaineratu dituzte, Enbatak jaso duenez.
Garraioa arazo dela ikusi dute adibidez, Zuberoa zabala delako eta garraio publiko gutxi dagoelako, mugikortasuna oztopatuz. Autoaren erabilera ezinbestekoa da kasu anitzetan. Kultur jardueretan parte hartzeko paradak biderkatzea ere beharrezko jotzen dute gazteek, baita euskal kulturaren ezagutza zabaltzea ere. Gazteentzako hezkuntza arloko orientabideek eta formakuntzek “ez dute aski kontuan hartzen Zuberoaren gaur egungo errealitatearen egoera. Zuberoako ofizio eta aktore sozio-ekonomikoen foro baten plantan emateko beharra agerikoa da”. Etxebizitzaren gaia ere sarri errepikatu da erantzunetan: “Aloimenduen eskasteak eta alokairuen prezioen igotzeak gazteei etxebizitzaren atxemaiteko arazoak sortzen dizkie”.
Gai hauez eztabaidatzeko eta irtenbideak bilatzeko pausoak ematen jarraituko du Aziak.
Inkestaren nondik norakoak xehe jaso ditu Enbatak: honako loturan irakurri dezakezue.