argia.eus
INPRIMATU
Zu bai, zu ez

Donostiako Zero Pobrezia Plataforma 2022ko urriaren 17a

Berriak hain azkar pasatzen dira gure aurretik, non laster zaharkituta geratzen diren. Txioak hain bizkor ari dira alde batetik bestera sarean, ezen azken orduko albisteak galtzen ditugun gure begiek kliska egiten dutenean. Bata bestearen atzetik bizitzen ari garen krisialdiek gure hurbileko egunerokotasunetik begirada altxatzea ekiditen dute, eta haratago so egitea ere. Egun, den-dena hain iragankorra da, non inguratzen gaituenari perspektiba jartzea ezinbesteko ariketa den, baita osasuntsua eta premiazkoa ere.

Egun, 65 gerra edo gatazka armatu aktibo daude munduan, eta lekualdatzeak eragiten dituzte. Hala ere, paradoxikoki, asiloa, aterpea eta babesa lortzeko mugak irekitzeko desberdintasunak larriak dira. Errusiak Ukraina inbaditu ondorengo asilo-politiken oraintsuko kudeaketak islatu duen moduan, elkartasuna eta justizia soziala posible dira, baina ez giza eskubide unibertsalen ikuspuntutik. Hori ondorioztatzen dugu kulturalki hurbil ditugun gatazka armatuek mugak malgutzen dituztelako, baina beste batzuk, tamalez, urrun geratzen zaizkigu oraindik, eta muga horietan bazterkeria, indarkeria eta heriotza gertatzen dira.

Egoera horrek zenbait galdera deseroso egitera bultzatu behar gaitu. Zein da gure jarrera Europan urrunago gertatzen diren beste gatazka batzuekiko? Berdin abegitzen ditugu indarkeriatik ihes egiten duten beste leku batzuetako pertsona guztiak? Eta arreta berdina eskaintzen diegu? Azken finean, pertsona batzuen bizitzek gehiago balio al dute beste batzuenak baino gure kontinente zaharrarentzat?

Jazarpenetik eta indarkeriatik ihes egiten duten pertsonak berdintasun egoeran babesten dituzten asilo-politikak behar ditugu. Ongizate kolektiboa defendatzen duten eta pertsona guztien giza eskubideak bermatzeko prestatuta dauden politika publikoak aldarrikatzen ditugu. Beste alde batera ez begiratzea eskatzen dugu, bakearen alde mobilizatzen garen bitartean, Euskadin borroken lehen lerroetan dauden armak ekoizten ditugu-eta. Gainera, bakearen kultura sustatzea ezinbestekoa dela uste dugu, pertsonak eta herriak elkarrekin modu baketsuan bizi daitezen. Azkenik, gure aburuz, garapenerako lankidetza-politika irtenbidearen parte da gizarte justuagoak eta bidezkoagoak eraikitzeko.

Bizi garen sisteman, kapitalaren metaketa eta erabaki indibidualak elkartasunaren, enpatiaren eta bizitzaren gainetik daude. Jakitun gara sistema kapitalista heteropatriarkal horren ardura direla, besteak beste, desberdinkerien egiturazko kausak, pobrezia, ingurumenaren degradazioa eta behartutako migrazioak. Hain zuzen ere, urtero, milioika pertsonak ihes egin behar izaten dute beren herrialdeetatik jazarpena jasaten dutelako hainbat arrazoirengatik: arraza, erlijioa, nazionalitatea, iritzi politikoak, hondamendi ekologikoak, talde sozial jakin batekoak izatea edo beren orientazio afektibo-sexuala. Bai eta beren herrialdeetan gertatzen diren gatazka armatuak ere.

Donostiako Zero Pobrezia Plataforma hiriko 16 erakunde eta gizarte mugimenduk osatzen dute, eta badakigu desparekotasun horien kausak askotarikoak direla, faktore askok eragiten dituztela, eta erabaki politiko eta ekonomikoen ondorio direla. Baita oinarrian dituzten agendak giza eskubideen defentsatik eta justizia sozialaren aldeko migrazio politiketatik oso urrun daudela ere. Hori dela eta, uste dugu pobrezia eta desberdintasunak, haien edozein adierazpenetan, ekidin daitezkela. Borondate politikoarekin irauli dezakegu egungo eredu ekonomiko eta politiko mundiala, desberdinkerien sorreraren eta bizi garen ekonomia-, osasun- eta migrazio-krisialdien arduraduna da-eta.

Erakundeek erantzun ausartak, premiazkoak, solidarioak eta bidezkoak eman behar dituzte egungo egoera eta horren ondoriozko krisi ugariak arintzeko. Premiazkoa da bizitza erdigunean, ingurumenarekiko errespetuan, genero-ekitatean eta, azken batean, pertsona guztientzako bizitza duinean jarriko duten bizi-eredu berrietarantz aurrera egitea.

Herritarrek ere horretan lagun dezakete salaketaren, mobilizazioaren, gizartearen parte-hartzearen, edo egunerokotasunaren bidez. Hori dela eta, Zu bai, zu ez: asilo-eskubide pertsona guztientzat lelopean, herritarrak gonbidatzen ditugu urriaren 17a Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren kariaz antolatu ditugun ekimenetara, zehazki, igande honetan (hilak 23an) prestatu dugun aldarrikapen-bizi martxara. 12:00etan abiatuko da Haizearen Orrazitik Donostiako Boulevarderaino.