Joan den asteburuan lehenbiziko aldiz Espainiako Ligako 2. mailako partidu bat bertan behera utzi zuten, Rayo Vallecanoren zenbait jarraitzailek Albaceteko Roman Zozulia jokalari ukrainarra nazia dela oihukatu ostean. Asteazken honetan Albacete Tuteran jokatzekoa da, baina Zozulia ez da Euskal Herrira etorriko.
Espainiako 2. B mailan jokatzen duen Tudelano futbol taldeari Albaceteren kontra jokatzea egokitu zaio Espainiako Erregearen Kopako lehenbiziko txandan. Partiduak ez zuen ikusmin berezirik eragingo Nafarroako herritik harago, Gaztela Mantxako taldean jokatzen duen Roman Zozulia ultraeskuindarrarengatik ez balitz.
Joan den asteburuan, Rayo Vallecano eta Albaceteren arteko partiduan gertatutakoaren ondoren, ordea, askok jakin nahi zuten ea Zozulia Tuterako partiduan izango zen. E-Ribera hedabideak informatu duenez, ordea, ez da hala izango, entrenatzaileak ez duelako partidura deitutakoen zerrendan sartu.