Maiatzaren 29an elikatzeari uko eginez geroztik zortzigarren gose greba egunean sartu da Sid Saunders (38) bi haurren guraso gaztea. Eguraldi txarrari aurre eginez, gauez lapurreta egin dioten ezezagunek kikildu gabe, Gloucestershiren Urbaser multinazionala eraikitzen ari den erraustegia salatzen jarraitzen du.
NoMoInGlo No Monster Incinerator in Gloucestershire (Erraustegi Erraldorik Ez Gloucester eskualdean) mugimenduak zabaltzen ditu bere albisteak sare sozialetatik, baina Gloucestershirelive hedabideaz gain BBC kateak ere dagoenekoz egin dio oihartzun gose greban aste bete osatu duen Sid Saundersren protestari.
Gloucestershire konterrian eraikitzen ari diren Javelin erraustegiaren jabea Urbaser da, hain zuzen ere Gipuzkoan Zubietakoa eraiki eta kudeatuko duen konpainia bera, eta Iparraldeko hondakinak Baionako Canopian kudeatzen dituena. Sid Saundersek bere gose grebarekin eskatzen du Urbaserrek Gloucestershireko agintariekin sinatutako kontratua osorik erakutsi dezaten. Hasiera batean agintariek argudiatu zuten arren kontratua publikoki azaldua daukatela (auzitegiek horretara behartuta), orain BBCri aitortu diote geroztik aldaketak eginak dituztela kontratuan eta "ahal bezain laster" egingo dute publiko testua.
Bitartean, Gloucesterreko zenbait karrikatan azaldu dira afixak erraustegiaren arduradunen aurpegiekin, tartean eskualdeko gobernuko buruarena eta proiektuaren zuzendariarena, "Wanted" dioten estilo zaharreko afixak.