argia.eus
INPRIMATU
Zortzi urteko espetxe eskaera Nafarroako bost gazterentzat Ekinekoak izatea leporatuta
  • Jon Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Gorka Mayo, Iker Moreno eta Gorka Zabala gazte nafarrak haien epaiketa 2016ko apirilaren 14an hasiko dela iragarri dute elkarrekin egindako agerraldian.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 27a
Bost auzipetuak Aztnugal kanpainaren berri emateko egindako agerraldian. Bost auzipetuak Aztnugal kanpainaren berri emateko egindako agerraldian.

“Dena da ETA” doktrinaren harira eraiki den beste auzi bat gehiago da hau. Auzitegi Nazionaleko Penal Aretoko 2. Sekzioko 4/2014 sumarioan auziperatuko dituzte eta, erakunde armatuko kide izatea leporatuta, 8 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak. Ekin erakundekoak izatea bizkarreratzen die eta, beraz, ETAko kide izatea, fiskalaren ustez erakunde hau ETAren adar bat besterik ez zen eta. Auzipetuek ukatu egiten dute halakorik eta haien jarduna soilik politikoa zela azpimarratu dute.

Bost gazteak 2011ko urtarrilaren 18an atxilotu zituen Guardia Zibilak Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikatuak izan ziren eta torturak salatu zituzten.

Jon Arratibelen tortura salaketak Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiraino iritsi ziren eta honek 2015eko maiatzean Espainia zigortu zuen haren tortura salaketak ez ikertzeagatik. Europako Kontseiluaren menpe dagoen CPT torturaren aurkako elkarteak ere, 2011n egindako txostenean sinesgarritzat jo zituen gazte hauen tortura salaketak.

Aztnugal kanpaina abian da

Arratibelen kasua ezaguna egin zen bere garaian, torturak salatzeko eta laguntza eskatzeko, poliziaren deklarazioa ‘aztnugal’ hitzarekin (laguntza alderantziz) sinatu zuelako. Orain apirila arteko Aztnugal izeneko informazio eta salaketa kanpaina egingo dute.

Iker Morenoren tortura salaketa eta testigantza ere bolo-bolo ibili ziren sare sozialetan; joan den irailean tortura hauen eraginaz mintzatu zen iragan iraileko Larrunen egintako elkarrizketan.

Auzipetuek agerrialdian adierazitakoaren arabera, “bi aldagairen inguruan laguntza eskatzeko erabili nahi dugu kanpainaren izena: torturarekin amaitzeko laguntza eta gatazka politikoarekin amaitzeko laguntza”. Epaiketa eta sorgin ehizarekin ere amaitzeko eskatu diote Estatu espainiarrari.