argia.eus
INPRIMATU
Zortzi pertsona atxilotu dituzte Ion Aranbururi Sorian egindako eraso faxistaren harira
  • Zortzi atxilotuetako batzuk “Orgullo Numantino” ultra taldearen parte dira. Operazioak irekita darrai eta atxilotuak epailearen esku uzteko zain daude.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 14a
Ion Aranburuk jasandako eraso faxista gaitzesteko ekainean egindako kontzentrazioa, Donostian

Astelehenean Soriako hiriburuan egindako polizia-operazioan zortzi pertsona atxilotu dituzte, Ion Aranburu 44 urteko donostiarrak maiatzaren 27an Sorian jasan zuen eraso faxistarekin lotuta. Madrilgo Informazio Komisaria Nagusiak koordinatutako polizia-operazioa izan da, baina ez dute datu gehiagorik erantsi, operazioa irekita eta atxilotuak epailearen esku uzteko zain daudelako. Zortzi atxilotuetako batzuk “Orgullo Numantino” ultra taldearen parte dira. Diario de Soria-k adierazi duenez, atxilotuez gain beste pertsona batzuk ere ikertu dituzte gertakari honen harira eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea.

Gipuzkoako prentsak jakinarazi duenez, donostiarrak ez du gogoratzen zer gertatu zitzaion maiatzaren 27an, buruan emandako kolpeek konorterik gabe utzi baitzuten. Liskarra Numancia eta Cornella futbol taldeen arteko partida baino bi ordu lehenago eman zen, futbol zelaitik metro gutxira dagoen taberna batean. Lekuko ofizialen arabera, Soria, Zaragoza eta Madrilgo 70-80 faxista inguruk gauzatu zuten erasoa. Horregatik, “prestatutako eta antolatutako” eraso faxista izan zela azpimarratu dute.

Garezurreko haustura bat eta belarriko beste bat izan zituen donostiarrak, baita hainbat hematoma ere. Hori dela eta, koman sartu eta Burgoseko Ospitalera eraman zuten. Ekainaren 23an Donostiako Ospitaleko ZIUra aldatu zuten, eta han aste batzuk eman zituen komatik atera eta etxera itzultzeko aukera izan zuen arte. Protesta ugari izan ziren bitarte horretan Gipuzkoako hiriburuan, Aranburuk jasandako eraso faxista gaitzesteko.