argia.eus
INPRIMATU
Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna
Zortzi kazetari hil dituzte dagoeneko aurten beren lana egiteagatik
  • 2023ko Prentsa Askatasunaren Munduko Indizearen arabera, kazetaritzarako giroa "txarra" da munduko hamar herrialdetatik zazpitan, eta eduki faltsuek prentsa askatasunean izandako ondorioak nabarmendu ditu. Mundu osoan zortzi kazetari hil dituzte 2023an, ehunka dira atxilotuta eta iaz 85 profesional hil zituzten.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 03a
Bogdan Bitik, Pal Kola, Dylan Lyons, John Williams Ntwali, Hosein Naderi, Jean-Jaques Ola Bebe, Martinez Zogo, eta Shashikant Warishe.

Kazetarien segurtasunaz arduratzen den INSI erakundearen eta Safety of Journalists plataformaren datuen arabera, urtarriletik zortzi kazetari hil dituzte mundo osoan: Bogdan Bitik (Ukrainian), Hosein Naderi (Afganistanen), Dylan Lyons (AEBetan), Shashikant Warishe (Indian), Jean-Jaques Ola Bebe (Kamerunen), John Williams Ntwali (Ruandan), Martinez Zogo (Kamerunen), eta Pal Kola (Albanian).

Safety of Journalistek 2015etik biltzen du hedabideen askatasunaren eta kazetarien segurtasunaren kezka larrien inguruko informazioa. Haren arabera, egun 153 kazetari daude espetxeratuta Europan. Horien artean da Pablo Gonzalez euskal kazetaria.

Hori salatzeko kontzentrazioa deitu dute 19:30ean Gernikako Merkurio plazan.

2022an hildako kazetarien kopurua %18,8 hazi zen

Iaz, 85 kazetari hil zituzten mundu osoan. Horietatik hamahiru Europan (hamabi Ukrainian, eta bat Turkian). Mugarik Gabeko Kazetariak erakundearen arabera, 2022an hildako kazetarien kopurua %18,8 hazi zen eta adierazi zuen Ukrainako gerrak jatorrizko herrialdetik kanpo hildako kazetarien kopurua handitzen lagundu duela.

Mugarik Gabeko Kazetariek adierazpen askatasunaren mapa eguneratua argitaratu dute gaurko egunez.

Kazetaritzarako giroa "txarra" da hamar herrialdetik zazpitan

Europapressek jaso duenez, 2023ko Prentsa Askatasunaren Munduko Indizeak 180 herrialdetako kazetaritzarako ingurunea ebaluatzen du. Kazetaritzarako giroa “txarra” da hamar herrialdetatik zazpitan, eta "ona" soilik hirutan.

Indizeak ekosistema digitalaren eduki faltsuaren industriak prentsa askatasunean izan dituen ondorioak nabarmendu ditu. 118 herrialdetan Indizeak inkestatutako gehienek jakinarazi dute beren herrialdeetako eragile politikoak desinformazio edo propaganda kanpaina masiboetan sartuta daudela. Hortaz, egiazkoaren eta faltsuaren aldea lausotzen ari dela azpimarratu du, informaziorako eskubidea urratuz.