argia.eus
INPRIMATU
Zortzi kasu berri Tuteran, azken agerraldi honetan guztira 31
  • Ezkontza baten ondorioz Tuteran atzemandako koronabirus agerraldiak zortzi kasu berri ditu, eta, beraz, 31 dira baieztatutako positiboak, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakitera eman duenez.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 10
Herritarrak Reina Sofia ospitalean ilaran, PCR froga egiteko zain. / EFE

Baliteke kasuen kopuruak gora egitea datozen orduetan, ostiral osoan probak egiten jarraitzen baitute. Agerraldi horrez gain, Nafarroako Gobernuak ostegun honetan jakinarazi du kasu horretan beste agerraldi bat dagoela Iruñean, familia bereko bost pertsona kaltetuta.

Tuterako agerraldiak ezkontza batean izan du jatorria eta sailburuak esan du hirian zentro sozio-sanitarioak "blindatu" dituztela. Adinekoen egoitzetan erabiltzaileen irteerak ere bertan behera utzi dituzte eta bisitak mugatu.

Tuteran, gainera, ezgaitasunen bat duten pertsonen zentro batean positibo bat dago, eta badirudi ez duela zerikusirik hirian izandako agerraldiarekin. Zentroko egoiliarrei eta langileei PCR probak egiten ari zaizkie.

Indurainek azpimarratu du "susmo handia" dutela agerraldiaren "zero gaixoaren" inguruan, eta ezkontzako senar-emazteak lokalizatuta daudela eta frogak egin dizkietela gaineratu du.

Ezkontzan parte hartu duten pertsona guztiak, testean positibo ala negatibo eman, isolamenduan mantenduko dira. Ehun pertsona inguru dira guztira, kontseilariak esan duenez, eta oraingoz kutsatuen harremanak atzemateko neurriekin jarraituko dute. Hala ere, adierazi duenez, "egoera dinamikoa da, ebaluatzeko modukoa, eta ez da baztertzen bestelako neurririk hartzea”. Adi egotera deitu du sailburuak, babes neurriak hartzera eta gune irekietan edo itxietan maskarak erabiltzeko deia egin du.