argia.eus
INPRIMATU
Zortzi ikastolari aitortza egin diete euskal kultura muga inguruetan bultzatzeko egindako lanarengatik
  • Ikastolen Elkarteak Beskoitzen egin du ekitaldia, bertako Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 11
Azpeitiko ikastolako ordezkariak Beskoitzeko ikastolan izan dira. / Argazkia: Kilometroak Azpeitiko ikastolako ordezkariak Beskoitzeko ikastolan izan dira. / Argazkia: Kilometroak

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak zortzi ikastolari egin die aitortza: Beskoitzeko Ikastola, Sohütako Eperra Ikastola, Zangozako Ikastola, Lodosako Ibaialde Ikastola, Tuterako Argia Ikastola, Vianako Erentzun Ikastola, Oiongo San Bizente Ikastola eta Balmasedako Zubi Zaharra Ikastola.

Ikastola horiek "oztopoz betetako ibilbidea egin dute gaurdaino, oso bide aberasgarria ere izan dena" eta ibilbide horrengatik "eskertza eta aitortza" agertu dizkiete, Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak adierazi duenez.

"Periferiako" ikastolentzat, oztopoz betetako bidea izan ohi dena, are zailagoa suertatzen ari da Beskoitzeko Ikastolarentzat azken hilabeteotan, orain arteko lurrak utzi beharko baititu ikasturtea bukatzerako, Herriko Etxeak hala erabakita.

Aurten Gipuzkoako Ikastolen alde Kilometroak antolatuko dituen Azpeitiko Ikastolako kideak ere Beskoitzen izan dira zortzi eskolei aitortza eginez.