argia.eus
INPRIMATU
Zortzi hildako eta 35 kutsatu utzi ditu koronabirusak Balmasedako zahar etxe batean
  • Las Laceras zahar etxean koronabirusaren 41 biktima zenbatu dituzte; horietatik 35 erabiltzaileak eta 6 langileak. Zortzi hildakoetatik zazpi azken astean hil dira.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 02a
Militarrak zaharren egoitza batera sartzen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, ospitalean zendutako lau pertsonetatik hiruk positibo eman zuten koronabirusaren froga egin ostean, baina erresidentziako heriotzei dagokienez, horien kausa "huts multiorganikoei" egotzi die. 80 erabiltzaile ditu zahar etxeak, eta horietatik 35 kutsatu dira koronabirusaz; astelehenean bertan izan zuten 35 kutsatuen berri, sintomak zituzten 40 pertsonari froga egin ondoren. Horrez gain, sei langile ere kutsatu egin dira.

Kutsatutako sei langileez gain, beste 23 isolamenduan daude. ELAk salatu du egoera horretan ere ez direla test nahikoa egin, isolamenduan dauden langileei ez baitzaie frogarik egin.

Bizkaiko EH Bilduk salatu du Bizkaiko Foru Aldundia adinekoen egoitzetan jazotzen ari diren heriotzen zenbatekoa ezkutatzen ari dela. Adierazi dutenez, egoitzetan jazotzen ari denaren berri izateko, udalerrietako iturrietara jotzen ari dira. Oso larritzat jo dute informazio hori instituzioen bidez ez jasotzea.

Babestu elkarteko bozeramaile Iraide Urrizek ere salatu du Bizkaiko Foru Aldundia ez dela ari datu nahikorik ematen, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez bezala.