argia.eus
INPRIMATU
Zortzi greba egun egingo dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetan
  • Urriaren 17tik 19ra eta abenduaren 11tik 15era egingo dute greba, Kristau Eskoletan eta IZEAko zentroetan. Sindikatuek salatu dute negoziazioa blokeatuta dagoela.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 29a
. ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek egin dute deialdia. (Argazkia: Steilas)

Zortzi greba egun antolatu dituzte itunpeko ikastetxeetan, urriaren 17tik 19ra eta abenduaren 11tik 15era. ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek egin dute deialdia, eta Kristau Eskolen eta Irakaskuntza Zentruen Elkarte Autonomoko (IZEA) patronalei negoziaketa martxan jartzeko eskatzen diete. Ikastolek ez dute bat egin greba deialdiarekin. Guztira, 9.000 langile daude deituta.

Apirilaren 25ean egin zuten greba azkenekoz, eta sindikatuek salatu dute negozioazioak blokeatuta jarraitzen duela. Aurreratu dute datozen greba egunen ostean Lan Hitzarmena sinatzeko balizko edukirik ez badago, urtarrilean greba dinamika indartuko dutela.

Eusko Jaurlaritzak ere "zeresana" baduela nabarmendu dute, eta, horregatik, Hezkuntza Sailari biltzeko eskaera egingo diotela.

Sindikatuek Lan Hitzarmena negoziatzea dute helburu. Aldarrikapen nagusiak dira, besteak beste, lan zamak arintzea, sektore feminizatu eta prekarizatuenen baldintzak hobetzea, KPIa bermatuko duten soldatak igotzea eta lanpostuak mantentzeko neurriak hartzea.