Ikasle ohiek 80ko hamarkadan egindako sexu gehiegikeriengatik eta eraso fisikoengatik salatu dute José Miguel San Martín salestar irakasle ohia.
Urte honen hasieran, “El País” egunkariak José Antonio Pérez ikasle ohiaren kontakizuna jaso zuen. 1978 eta 1980 urte artean salestarraren biktima izan zela esan zuen. Ikasle ohiaren kontakizuna irakurrita, beste zazpi gizonek salaketa jartzea erabaki dute (Pérezek ere salaketa jarri du). Ertzaintzan denuntziak jarri dituzte azken aste honetan zehar, eta musuak, ukituak, bortxaketak eta eraso fisikoak pairatu izana salatu dute.
“El País”-i salestarren ikastetxeak adierazi dionez, San Martínen aurkako salaketarik ez zuten inoiz izan. Salaketa jarri duenetako batek gezurtatu egin du adierazpen hori. 1988an, bere amak eta beste guraso batzuek ikastetxeko zuzendariarengana jo zutela esan du eta salaketarik ez jartzea aholkatu zietela.
Salestarrak 90eko hamarkada hasieran utzi zuen ordena. Delituak preskribatuta daude, baina salatzaileek justiziak ikertu dezan nahi dute, ziur daudelako beste hainbat ikasleri sexu erasoak eragin zizkiela. Zortzi ikasle ohien ustez, ordenak bazekien zer gertatzen ari zen eta ezkutatu egin zuen.