argia.eus
INPRIMATU
Zortzi gazte auziperatu dituzte Ernairen maiatzeko mobilizazioetan parte hartzeagatik
  • Maiatzaren 7an Hego Euskal Herriko hiriburuetan ehunka gazte mobilizatu ziren Ernai antolakundeak deituta. Ertzaintzak Gasteizko eta Bilboko manifestazioei eraso egin zien, hainbat gazte zaurituz. Orain, mobilizazio horietan parte hartzeagatik zortzi lagun auziperatu dituztela salatu du Ernaik.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 18a
Argazkia: @ErnaiBilbo

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin zituzten gazte prekaritatea salatzeko manifestazioak "Larrialde egoeran gaude" lemapean, eta horietako batzuetan gogor kargatu zuen Ertzaintzak. Orotara, 8 lagun atxilotu eta 42 zauritu zituzten. Naiz.eus atariak argitaratu duenez, zortzi lagun deitu dituzte orain Bilboko epaitegietan deklaratzera.

Ernaik salatu du "maiatzaren 7an gazte prekarietatearen kontra mobilizatzeagatik" izan direla auziperatuak zortzi gazteak. Datorren astean jazarpen horren aurka mobilizatzera deitu du gazte antolakundeak.

Hona hemen egindako deialdiak:

- Ekainaren 23an 18:30tan Gasteizen, Gora Judimendi plazan

- Ekainaren 23an 18:30tan Portugaleten, Metroan

- Ekainak 23an 19:00tan Durangon, Andra Mari plazan

- Ekainak 24an 12:00etan Bilbon, Epaitegi aurrean, Buenos Aires kalean