argia.eus
INPRIMATU
Zortzi film gomendio, Zinemaldian ikusitakoen artean

Gorka Peñagarikano Goikoetxea Eneko Atxa Landa 2024ko irailaren 30
Bound in Heaven.

Bound in Heaven

Zuzendaria: Xin Huo

Herrialdea: Txina

Iraupena: 109 minutu

Estreinaldia: Ez dago ezarrita

Heriotzari ihes egin, aurrerantz. Gaixotasun terminala duen gizonak horixe egingo du, maitale, adiskide eta bidelaguna alboan. Film gogorra baina baikorra, irudi eta soinu ederrekoa.

Sakonago, kronika honetan

******************

On Falling

Zuzendaria: Laura Carreira

Herrialdea: Erresuma Batua - Portugal

Iraupena: 104 minutu

Estreinaldia: Ez dago ezarrita

Langile klasearen erretratu bat. Portugaldar gazte bat Eskozian bizi da, almazen ikaragarri handi batean lanean, bakarka, isilean, denboraren aurka. Ken Loachen I, Daniel Blake filmaren tankerakoa.

Sakonago, kronika honetan

******************

Los destellos

Zuzendaria: Pilar Palomero

Herrialdea: Herrialde Katalanak

Iraupena: 101 minutu

Estreinaldia: Urriaren 4an, zinemetan

Bihotz handiegia-ko lehen narrazioan oinarritua. Isabelen senar ohia gaixo dago, hilzorian, eta Madalen alabak eskatuta, lagundu egingo dio. Isiltasunek eta begiradek asko esaten dute. Aktoreen lana, azpimarratzekoa.

Sakonago, kronika honetan

******************

Conclave

Zuzendaria: Edward Berger

Herrialdea: Erresuma Batua - AEB

Iraupena: 118 minutu

Estreinaldia: Abenduan, zinemetan

Ezustean Aita Santua hil da, eta konklabea antolatu beharko du protagonista kardinalak. Vatikanoan elkartuko dira. Lau hautagai, bakoitza punta batekoa, eta sekretu zikin ugari sotanaren pean. Entretenitu eta egin barre.

Sakonago, kronika honetan

******************

En fanfare

Zuzendaria: Emmanuel Courcol

Herrialdea: Frantzia

Iraupena: 103 minutu

Estreinaldia: Azaroaren 27an, zinemetan

Bi anaien arteko erlazioa: bataren errudun sentimendua, bestearen erremina. Gaixotasun batek elkartuko ditu, baita musikak ere. Pelikula gogorra, ondo landua eta kontatua. Ez du alferrik irabazi publikoaren saria.

Sakonago, kronika honetan

******************

Emilia Pérez

Zuzendaria: Jacques Audiard

Herrialdea: Frantzia

Iraupena: 130 minutu

Estreinaldia: Abenduaren 5ean, zinemetan

Droga kartel bateko burua abokatu entzutetsu batekin jarriko da harremanetan, enkargu baterako. Identitatearen inguruan asko hitz egiten duen drama musikala da; musikal gisa ona, eta film moduan are hobea.

Sakonago, kronika honetan

******************

Parthenope

Zuzendaria: Paolo Sorrentino

Herrialdea: Italia - Frantzia

Iraupena: 136 minutu

Estreinaldia: Azaroan

Edertasunaren inguruan mintzo den pelikula, 1950ean kokatua. Inoizko emakumerik ederrena balitz bezala aurkezten den protagonista, Parthenope, hainbat gairekin disertatuta: erlijioa, aberastasuna, pobrezia, giza-jokabidea...

Sakonago, kronika honetan

******************

Casa en llamas

Zuzendaria: Dani de la Orden

Herrialdea: Espainia - Italia

Iraupena: 108 minutu

Estreinaldia: Udan estreinatu zen aretoetan

Komedia dramatikoa. Familia bateko amak udako etxea saltzea erabakitzen du, eta senideak batuko dira etxeko azken hondarrak jasotzera. Familiako aita ere agertuko da, bikotekide berriarekin, etxea saltzearen aurka.

Sakonago, kronika honetan