Bilboko 10 zenbakidun Instrukzio Epaitegiak ikerketa abiatu du, iazko udan gauzatutako atxiloketa baten grabaketan Poliziak egindako eraso bat antzeman ostean; zortzi ertzainek daukate atxiloketarekin lotura. Grabaketa baten antzeman daiteke ertzainek nola kolpatzen dituzten bi pertsona Bilboko San Frantzisko auzoan.
2021eko udaran jazotako atxiloketa baten harira abiatu da auzia, El Correo egunkariak informatu duenez. Bilboko San Frantzisko kalean bi gazte migratzaile atxilotu zituen Ertzaintzak, autoritatearen aurkako delitua leporatuz.Gertakari horiek ikertzea egokitu zitzaion epaileak atxiloketa gauzatu zen tokitik gertu dagoen kaleko kamera baten grabaketak eskatu zituen, eta kamerak jasotakoa erreproduzitzean atera zen argitara ertzainek atxilotuei egindako erasoa.
Naiz-ek adierazi duenez, grabaketan antzeman daiteke polizia agenteek atxilotuak kameraren ikusmen-eremutik kanpo nola daramatzaten. Alabaina, tarteka "gertakaria planoan sartzen da eta antzeman daiteke agenteek nola kolpatzen dituzten atxilotuak, jada eskuburdinak jantzita dituztela", jaso du ElDiario.es-ek. Hedabide berak zehaztu duenez, grabaketan jasota dago nola ematen dizkioten ostikoak eta ukabilkadak atxilotuetako bati, lurrean dagoela.
Grabaketa ikusi eta atxilotuen deklarazioak aditu ostean, ikerketa zeraman Bilboko 7 zenbakidun Instrukzio Epaitegiak eginbideak itxi eta Bilboko 10 zenbakidun Instrukzio Epaitegiari helarazi dio kasua, prozedura berria abiatu dezan. Epaitegi horren eskariz, atxiloketetan parte hartu zuten bi ertzainek deklaratu behar izan dute epailearen aurrean. Berez zortzi dira atxiloketan parte hartu zuten agenteak, baina erasoan jarrera aktiboagoa izandakoei eskatu zaie deklarazioa.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak iazko udarakoak izan arren, ez dute horien berri izan 2022ko otsailera arte, auto judiziala ez delako ordura arte iritsi beren eskuetara. Adierazitakoaren arabera, baina, behin gertakariak ezagututa Ertzaintzaren Barne Arazoen Zerbitzuari horien berri eman zaio, ikerketa abiatu dezan. Edonola ere, Ertzaintzako agenteen errugabetasun-presuntzioaren oinarrizko printzipioa errespetatzen dutela azpimarratu dute.
Ildo berean egin ditu adierazpenak Iñigo Urkullu ere, Euskadi Irratian gaiaz galdegin diotenean. Segurtasun Sailak nola, lehendakaria ere ertzainen errugabetasun-presuntzioaz mintzatu da, eta jakinarazi du Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak agerraldia egingo duela kasuaz hitz egiteko.
Ez da Bilbon eta bereziki San Frantzisko auzoan salatzen den kutsu arrazistako lehen polizia gehiegikeria kasua. 2020ko datuak soilik jasotzen baditu ere, Bizkaiko SOS Arrazakeriak osatutako txostenean jasotzen dena da horren adierazle.