argia.eus
INPRIMATU
Zortzi eraso salatu dituzte Lekeitioko Antzar Egunean
  • Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, zortzi eraso, “gutxienez” izan ziren martitzenean [irailak 5] Antzar Egunean. Sei eraso matxistak izan ziren eta beste bi homofoboak. Barikuan [irailak 1], Bajada Egunean, hitzezko eraso homofobo bat salatu zuten.

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza @leakohitza 2023ko irailaren 08a
Jende asko batu zen ostegune kontzentraziora. Argazkia: Lekeitioko Udala

Udaletik esan dutenez, indarkeria gizarte “patriarkal eta matxistaren egiturazko arazo bat” dela. “Genero zapalkuntza eta sexu askatasunaren ukazioa sistema honek oinarri-oinarrian dituen gaitzak dira”. Hain zuzen ere, Txosna Batzordeak deituta, ostegunean Abadeen Moilan elkarretaratzea egin dute.

Lekittoko Mugimendu Feministiatik adierazi dute “planto” egiten dietela eraso guztiei eta emakumeak “kalean” daudela. “Kaleak eta gauak gureak dira eta elkarrekin antolatuko gara erasoen aurrean autodefentsa feministari ekiteko”.

Udaletik esan dute Lekeition “askatasunean eta libre” bizi den herri nahi dutela. “Ez gara nekatuko esaten: denon askatasuna da inportanteena, eta hori elkarrenganako errespetu osotik dator”. Adierazi dute “ardura berezia” dutela eta eskuan daukaten guztia egingo dutela: “Baina erakundeon lanaz gain, behar-beharrezkoa da jendarte osoaren inplikazioa. Kontzientziak astindu ditzagun, onartezinak diren jarrerak baztertu, eta herritarron arteko sareak sustatu. Herritarrei dei egiten diegu, erasoren bat ikusiz gero, jarrera aktiboa hartzeko inolako onarpenik gabe. Ez dadila inor erasotzaileen konplize izan”.

Horrez gain, zelan ez, “babes osoa” erakutsi nahi izan diete erasoa jasan zutenei: “Nahi eta behar izanez gero, zuen zerbitzura dituzue Udaleko Gizarte Zerbitzuak”. Azkenik, Lekeitioko Udalak “konpromiso irmoa” du erasorik gabeko herri “aske eta feminista” batera bidean politika “eraginkorrak” garatzeko.