argia.eus
INPRIMATU
Zortzi eguneko greba egingo dute Guggenheimeko hezitzaile eta orientatzaileek
  • Guggenheimek Manpower Group enpresaren bidez azpikontratatutako 18 hezitzaileek eta orientatzaileek abuzturako eta irailerako greba egunak ezarri dituzte. Lan baldintza hobeak eta egonkorragoak eskatuko dituzte. Salatu dute euren “kategoria profesionala” ez dela aitortzen eta 5,35 euro gordin orduko oinarrizko soldata dutela, 12,30 eurokoa kasurik onenean.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko abuztuaren 04a
Greba-egunak abuztuaren 9, 11, 16, 18, 23, 26, 30 eta irailaren 1ean izango dira eta langileek ohartarazi dute ez dutela greba mugagabea baztertzen. (Argazkia: LAB)

Egun bat iraungo dute grebaldiek, hezitzaile eta orientatzaileek ez baitute nahikoa ikusten enpresak hitzez agindutakoa. Hots, abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran hartuko dituztela aintzat haien eskakizunak, abuztuaren 3an izandako bileran enpresako zuzendariek langileei eta sindikatuetako ordezkariei azaldu dietenez.  

Irailaren 30ean amaitzen da Manpower enpresak Guggenheim museoarekin duen kontratua eta grebalariek subrogazioa ezartzeko eskatu dute, ondoren izango diren lehiaketetan haien lanpostua bermatzeko. Subrogazioarekin enpresak egungo langileak mantendu beharko lituzke.

Soldata hobeak eta euren lanbide-prestakuntza altuaren aitortza ere eskatzen dute. Gogorarazi dute jaiegunetako eta gaueko lanagatik ez dutela inongo plusik jasotzen eta kontratuak ez duela antzinatasuna jasotzen.

Greba-egunak abuztuaren 9, 11, 16, 18, 23, 26, 30 eta irailaren 1ean izango dira eta langileek ohartarazi dute ez dutela greba mugagabea baztertzen. Manpower enpresaz gain museoko patronatua ere jo dute egoeraren erantzuletzat. Hauek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Solomon R. Guggenheim fundazioak.