Europak arau berria zabaldu du autoentzako motorren emisioa eta kontsumoa zorrotzago neurtzeko. Landabenekora ez dira heldu homologazio berrira egokitutako motorrak. Horregatik dago lan gutxiago.
CCOOko Nafarroako Volkswageneko buru Eugenio Duquek dio “urgentziaz” deitu dituztela gainontzeko sindikatuak, horiei jakinarazteko zortzi eguneko erregulazio espedientea irekiko dutela, irailaren 3tik 9ra.
Landabeneko sindikatu denak asteazkenean elkartuko dira erabakitzeko zein izango diren enpresarekin negoziatuko duten ordezkariak. Bilera hau eta gero berriro elkartuko dira, asteazken edo ostegunean, gertatutakoaren informazioaren berri emateko.
Duquek dio sindikatuen ordezkariak “oso harrituta” daudela. Gaineratu du egoerak ez diela beraiei soilik eragingo, Europako automozioaren enpresa handietan ere izango du ondoriorik, asko baitira motor berrien zain besoak gurutzaturik daudenak.
LABeko ordezkari Raul Portilloren hitzetan, bestalde, “egoera hau saihestu zitekeen”.