Pasa den asteazkenean atxilotutako EPPK-ko zortzi bitartekariak kartzelaratzeko agindu du Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalak eskatu bezala, baldintzarik gabe espetxeratuko dituzte.
Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak eta Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz bitartekari taldeko kideak dira atxilotutako zortzi pertsonak.
Gaur goizean pasa dira Eloy Velasco epailearen aurretik eta ez dute deklaraziorik egin.
Epaileak argudiatu du, aske utziz gero arriskua dagoela ihes egiteko edo frogak deuseztatzeko. Gainera, Nahia Zuriarrain ere inputatu du eta ostegun honetan pasa deklaratu beharko du epailearen aurrean.