Garbiñe Biurrun, Michel Tubiana, Fernando Armendariz, Jordi Armadans, Anne Marie Bordes, Nazario Oleaga, Maite Perez Larumbe eta Henri Duhalt izanen dira Bake Bideak eta Lokarrik bultzatuta sortu den komisioko kideak.
Donostiako Aieteko Jauregian aurkeztu dute pentsamendu eta ibilbide anitzetako zortzi pertsonek osatuko duten batzordea.
Garbiñe Biurrun epailea, Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakaria, Fernando Armendariz giza eskubideen erakundeetako kidea, Jordi Armadans FundiPauko zuzendari eta politologoa, Anne Marie Bordes kazetaria, Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatuen elkarteko zuzendaria, Maite Perez Larumbe freelance erredaktore eta helduen hezitzailea eta Henri Duhalt magistratua eta Giza Eskubideen Elkarteko ohorezko presidentea arduratuko dira Lokarriren eta Bake Bidearen aholkuak hedatzeaz.
Batzordearen zeregin nagusiak honakoak izanen dira, Berria egunkariko Hodei Iruretagoiena kazetariak jaso duenez: "Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak egindako gomendioak aintzat har daitezen eragitea; bake prozesuan instituzioen, alderdien eta gizarte zibilaren parte hartze zabala eta aktiboa bultzatzea; bake prozesuan inplikatutako instituzio eta aktore nagusiei gomendioen edukiak aurkeztea, eta, gomendioaren edukiari buruzko elkarrizketa eta iritzi trukaketa bideak zabaltzea inplikatutako aktore nagusiekin".
Eguberrien ostean eginen dute lehen bilera, eta bertan zehaztuko dituzte egitasmoak eta lan egutegia. Horrez gain, datozen asteetan gizartearen parte hartze zuzena ahalbidetzeko ekitaldiak aurkeztuko dituztela ohartarazi dute.
2013ko maiatzean aurkeztu ziren Foro Sozialaren hamabi gomendioak bake prozesuan inplikatuta dauden eragileen artean zabaltzea eta kudeatzea izango du helburu batzordeak.
Bake prozesua indartzeko Foro Sozialaren metodologian gai nagusi hauek jasotzen ziren: desarmea, preso eta iheslarien etxeratzea, giza eskubideen bermea eta iraganari aurre egitea. Lan ildo horiek zabaldu eta hedatzea izanen da taldearen xedea.