argia.eus
INPRIMATU
Zorrotzaurre uharte bilakatzeko obra erraldoia aurki hasiko da Bilbon
  • Bilboko Zorrotzaurreko penintsula irla bihurtzeko proiektuaren obrak datorren asteazkenean jarriko dira martxan. 20,9 milioi euroko aurrekontua izango duen obrak “hiriaren fisionomian” aldaketa nabarmenak eragingo dituela iragarri du Bilboko Udalak.

Ane Lusarreta 2014ko maiatzaren 08a
Itxura hau izango du Zorrotzaurrek obrak amaitzen direnean (Argazkia: Bilbaoenconstruccion).

16 hilabetez luzatuko dira lanak eta Udalaren esanetan Bilbon uholde arriskua murriztuko du. Ibaiko uren maila metro erdi eta metro bat artean jaitsiko dela ere esan dute.

Jose Luis Sabas, Bilboko Obra eta Zerbitzu zinegotziaren esanetan “mende honetako obra” izango da Zorrotzaurrekoa.

5.500 etxebizitza berri

Covadonga Solaguren Etxebizitza, Lan eta Gizarte Politikako zinegotzi ordeak azpimarratu du Bilbo birsortzeko lanetan "mugarri" izango dela Zorrotzaurreko obra. Uharte bilakatuko denaren urbanizazio lanak 2015. urte amaieran hasiko dira, 5.500 etxebizitza inguru eraiki nahi dituzte bertan.

Sabasek eta Solagurenek jakinarazi dute 500 metro zuzen zulatuko direla, kanala eta Bilboko ibaia elkartzeko.

Zorrotzaurre uharte bilakatuko denez, 75 metroko zubia eraikiko dutela ere iragarri dute, irla eta ibaiertza konektatzeko.

Autoentzako lau bide izango ditu, eta oinezkoentzako bi, zubiaren alde banatan. Horietako batek bizikletentzako bidegorria ere izango du.