argia.eus
INPRIMATU
Zorroza enpresan teilatutik erorita hil zen langilea, oraindik bizirik zela lekuz mugitzeko agindu zuen gerenteak, LABek salatu duenez
  • LAB sindikatuak asteartean publikoki salatu du Zorroza Gestión de Residuos enpresako gerenteak hainbat langile behartu zituela hildako langilea istripuaren lekutik bere ohiko lanpostura mugitzera, oraindik bizirik zela. Langile bat inputatuta dago ustezko estaltze delituagatik. Sindikatutik salatu dutenez, onartezina da langileak prebentzio faltaren eta laneko heriotzen erantzule egitea, horrela "biktimak erantzule" bihurtuz.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 10a
LAB sindikatuaren prentsaurrekoa Bilbon Zorroza enpresako langilearen heriotzaren osteko egoera salatzeko. (Hala Bedi)

Zorroza Gestión de Residuos enpresan izandako istripu hilgarriaren inguruko informazio gehiago jakinarazi du astearte goizean LAB sindikatuak, Hala Bedik jaso duenez. Santurtzin bizi zen Senegalgo B. D. zen langilea.

Azaldu dutenez, otsailaren 24ean, 17: 00ak inguruan, B. D. langilea beste bi lankiderekin eta enpresako arduradunarekin batera enpresako teilatura igo zen mantentze-lanak egitera. 9 metroko altueran eta inolako segurtasun-neurririk gabe zegoen. Handik minutu gutxira, enpresa barrura erori zen B. D,. teilatuaren zati bat hautsi ostean. Lekukoek sindikatuari adierazi diote, kolpea larria izan arren, hasieran bizirik zegoela.

"Badakizue zer esan behar duzuen, ezta? Zintatik erori da!"

Berehalako laguntza eskaini beharrean, enpresako gerenteak larri zauritutako langilea bere ohiko lanpostura hurbiltzera behartu zituen hainbat langile, honakoa adieraziz: "Badakizue zer esan behar duzuen, ezta? Zintatik erori da!".

LABek salatu du hondakinen kudeaketako langile bat inputatuta dagoela, hilketa estaltzea egotzita. Sindikatuak ohartarazi duenez, aurrekaririk gabeko egoera da, eta patronalak jarduera-ildo berri eta arriskutsu bat ireki du, langileak zuzenean "prebentzio-faltaren eta osasun-galeren eta laneko heriotzen erantzule eginez, horrela biktimak erantzule bihurtuz".

Salatu dutenez, horrelako egoerak "gerentearen mehatxuen ondorioz sor daitezke" eta aspalditik gertatzen ziren.

Epaitegietan dago auzia, eta LABetik exijitzen dute auziak ibilbide osoa egin dezala, egoera argitu dadin.