Erriberako zubipean urik ez badabil ere, astelehenean egingo dute uhartearen irekiera ekitaldia. Eguerdiko 13:00ean izango da eta auzokideak 12:30ean elkartuko dira urbanizazio proiektuari desadostasuna erakutsi eta Erribera izena aldarrikatzeko.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Asier Abaunza Obra Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi ordezkaria eta gainerako zinegotziak Frank Gehry zubira hurbilduko dira 13:00ean.
Ekitaldia baino ordu erdi lehenago elkartuko dira Deustu eta Erriberako bizilagunak, "This is not Manhattan, Erribera bizirik!" lelopean. Elkarretaratzean Erriberaren izena eta izaera aldarikatuko dituzte, "komunikabideek desagerrarazi" dutena.