argia.eus
INPRIMATU
Zorrak ordaindu ezinda Alokabideko 75 familia geratu dira etxerik gabe
  • Eusko Jaurlaritzaren Alokabidek 11.291 etxebizitza kudeatu ditu 2013an. 75 familia kanporatu ditu, ia denak zorrak ordaindu ez dituztelako. Zorrak zituzten 565 maizterrekin akordiora iritsi da Alokabide.

ARGIA @argia 2014ko apirilaren 25
Kaleratzeak Stop elkartearen protesta Bilbon. Argazkia: www.eitb.com.

2.818 etxebizitza alokairu sozialekoak dira eta multzo horretan bi famili kaleratze izan dira. Gizarte gaietako sailburu Juan Mari Aburtok adierazi duenez, alokairua ez ordaintzeaz gain, elkarbizitza arazo larriak zituzten eta beste zerbitzu batzuen bidez egoera konpontzen saiatu ziren.

Alokairu arrunten kasuan, 35 kanporatze izan dira babes ofizialeko etxeetan. Araban 31, Gipuzkoan bat eta Bizkaian hiru. Gehienek alokairua ordaintzeko arazoak zituzten. Zorrak zituzten 565 maizterrekin akordiora iritsi ziren.

Bizigune programan (Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza egiten du alokatzaile eta maizterren artean) 38 kaleratze izan dira, kanporatze guztien erdia baino gehiago.

Eusko Legebiltzarrak alokairua familiaren diru sarreren %30 baino gehiago ez dadila izan eskatu du, batetik, eta bestetik, sendiaren diru sarrerak asko aldatzen badira errenta egokitzapena ere ahalik eta azkarren egitea eskatu du.