argia.eus
INPRIMATU
Zornotzako Munarri gaztetxea ixten saiatu dira
  • Apirilaren 28 goizean saiatu ziren Munarri gaztetxea ixten, baina operazioak oraingoz ez du aurrera jarraitu, eraikinean hiru haur dituen pertsona bat bizi delako. 

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 29a
Argazkia:Munarri Gaztetxea

Ertzaintza eta Zornotzako Udaltzaingoa, epaitegiko idazkariarekin batera agertu dira Zornotzako Munarri gaztetxean, eraikina husteko agindu batekin. Inguruak ixtea lortu dute, baina gaztetxeko hiru kide barrura sartu dira, barnetik haiek ixteko eta poliziari bertara sartzea oztopatzeko asmoarekin. 

Berria egunkariak jaso duenez, Harrera elkarteko abokatuek idazkariari ohartarazi diote operazioarekin ezin zutela aurrera jarraitu, hiru haur dituen pertsona bat bizi delako bertan, asteburuetan bere kargu dituelarik hiruak. Hori horrela, bertan bizi dela frogatzen duen agiriren bat epaitegira eramateko hamar eguneko epea eman dio idazkariak familiaburuari.

Zornotzako Gazte Asanbladak uztailean okupatu zuen hutsik zegoen eraikina, azken urteetan Vusa etxegintza enpresaren esku egon da. Eraikinaren goiko solairua egoera latzean dauden pertsonak hartzeko prestatu zuten gazteek eta berriki arte bi familia bizi ziren bertan. Gazte Asanbladaren ustetan bazekiten bertan norbait bizi zela: "Itxaron dute han bizi den pertsona kalera atera arte operazioa egiteko. Beraz, bazekiten han bazela norbait bizitzen".