argia.eus
INPRIMATU
Zornotzako Munarri gaztetxea hustu dute
  • Eraikinaren eraisketa lanak ostegunean hasi dira. Duela urtebete baino gehiago okupatu zuen Zornotzako gazte asanbladak Munarri gaztetxea.

Gedar @GedarLangileKZ 2021eko urriaren 08a
Irudia: Anboto

Ostegunean, goizeko 09:00ak aldera, Ertzaintzak Zornotzako (Bizkaia) Munarri gaztetxea hustu zuen. Eraikina eraisteari ere ostegunean bertan ekin zioten. Gaztetxeko kideek adierazi dutenez, sei pertsona identifikatu eta beste bi atxilotu zituzten. Ertzaintzaren jarrera oldarkorra salatu zuten, gainera.

Eraikinaren barnean, hiru pertsona izan ziren desalojoaren momentuan; haien artean, gaztetxean bizi zen pertsona errefuxiatu bat. Ertzaintzak hirurak kanporatu eta identifikatu zituen. Ondoren, eraisketa martxan jartzeko makinak heldu ziren, eta XX. mendeko Forjarien jauregia botatzeko lanak hasi ziren.

Urriaren 6rako manifestaziora deitu zuen Munarri gaztetxeak, desalojoa gelditzeko aldarriarekin. Iluntzeko 20:30ean abiatu zen mobilizazioa Zornotzako plazatik, eta okupazioaren eta etxebizitza eskubidearen aldeko eta espekulazioaren aurkako mezuak zabaldu zituzten manifestariek.

Zornotzako gazte asanbladak eraikina okupatu zuen duela urtebete baino gehiago, eta gaztetxea atondu zuen han. Gaztetxeko kideek irailaren erdialdean jaso zuten eraikina husteko agindua, eta ostegun goizean agortu zen ezarritako epemuga.