Urtero hautatzen dute urteko hitza bi erakundeek, eta 2022koa zorioneko izatea erabaki dute: "Irulegiko eskua dela eta, berba horrek hedabideetan eta sarean izan duen erabileran oinarrituta hautatu dugu", arrazoitu dute.
Zorioneko aukeratu dute aurtengo hitz gisa, Euskaltzaindiak eta UZEIk. Urtero hitz bat hautatzen dute, eta 2022koa azarotik hona barra-barra entzun dena izan da. Aranzadi Zientzia Elkarteak azaroan jakinarazi zuen Irulegiko eskuaren aurkikuntza, “baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena” duen brontzezko pieza, alegia. Pieza horretan sorioneku hitza irakur daiteke, eta geroztik hamaika aldaeratan irakurri eta entzun da han eta hemen.
Horrexegatik da zorioneko aurtengo hitza, "hedabideetan eta sarean izan duen erabileragatik", Euskaltzaindiaren eta UZEIren arabera. UZEIk egunero egiten du lexikoaren jarraipena, nagusiki komunikabideak arakatuz, besteak beste, "hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako tresnak garatzeko eta mantentzeko". Horretan oinarrituta egiten dute hautaketa.
Euskaltzaindiak azaldu du zer-nolako arrastoa utzi duen Irulegiko eskuak Euskaltzaindiaren Hiztegian: "Zorioneko formak azaroko aste bakarrean izan zuen hiztegi digital horretako sarrera bakoitzak aurten batez beste izandako kontsulta-kopuru bera".