Elkarlanetik sortu eta bizi da Seaska, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea. Ospakizunetan da: 50 urte bete ditu aurten. Larunbateko ekitaldiak Euskal Herriko hainbat txokotako jendea erakarri zuen Miarritzera. Ia 5.000 lagun inguru bildu ginen Iraty Aretoan, eta bigarrenez zorionak Seaskari, antolakuntza paregabea izan zelako.
Ipar Euskal Herriko taldeei eman zieten ahotsa: han izan ziren Diabolo Kiwi, Willis Drummond eta Xiberoots, baita Berri Txarrak ere. Talde nafarraren azken bigarren kontzertua izan zen Xilaban –apirilean Hazparnen izango dira–. Kontzertuen artean, jatekoaren eta edatekoaren bila zihoan pertsona uholdearen artean izan zen Txakatuk txaranga; gazte hauek arduratu ziren pabilioia girotzeaz.
Rock, funk, reggae eta beste hainbat estilo nahasi ziren Miarritzen. Diabolo Kiwi izan zen jotzen lehena, eta ingurukooi ezezagunak zitzaizkigun arren, ezin uka gozatu genuenik. Teklatuaz lagundutako funk doinu erakargarriek lehen lerroetako hutsuneak betetzeko eta gerria mugitzen hasteko balio izan zuten. Musika estiloa erabat aldatuz, eta beste ordubete pasatxoz, oholtza gainean aritzen hurrengoa Willis Drummond talde baionarra izan zen. Bost laguneko taldea izandakoa hirukote gisa beti bezain fin aritu zen; gutxik dute haiek bezainbeste indar zuzenekoetan. Norberak balora dezala Berri Txarraken aurretik jotzea ona ala txarra den: gero eta jende gehiago zegoen lehen lerroetan, eta ez espresuki gehiengoak baionarren kantuak zekizkielako. Nabari zen jendeak burua ondorengoan zuela. Zortzi kilometrok banatzen dituzte Baiona eta Miarritze, baina Berri Txarrak edonon izango da jendearen gertuko, eta are gehiago azken bira honetan.
Ostiralean eman zion hasiera Berri Txarrakek Ikusi Arte birari, Gernikan. Apirilera bitarteko ia kontzertu guztietako sarrerak agortuta daude jada, eta Miarritzen ikusi zen zergatik: harrigarria zen zenbatek zeraman haien kamiseta. Musika gogorretik gutxi izan zuen talde nafarrak, azken diskoetako joera melodikoko kantuak jo baitzituen batez ere. Xiberootsen txanda heldu zenerako, jende asko alde egina zen aretotik. Gelditu zirenek, baina, aukera izan zuten zuberotarrek reggaera eramandako kanta ezagunen bertsioekin dantzatzeko. Ipar Euskal Herrian euskarari hauspoa ematen dion Seaskak bizirik badirau, badago zer ospatua. Beste 50 ere izan daitezela!