argia.eus
INPRIMATU
Euskoa Europako tokiko moneta garrantzitsuenen artean kokatu da urtebetean
  • Ipar Euskal Herriko tokiko monetak urtea bete du berriki, eta ez nolanahi: Euskoaren webgunean irakurtzen ahal denez, Frantziako Estatuan erabiltzen diren 20 tokiko moneten artean garrantzitsuena da, eta Europan bigarren edo hirugarrena.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 04a
Euskoak (Isabelle Miquelestorena).

2013ko urtarrilaren 31n abiatu zen euskoa, bere alde 800 erabiltzaile eta 192 enpresa buru zituela. Urtearen amaieran ondo lodituta zituen kopuruak: 2.700 erabiltzaile eta 500 enpresa eta elkarte.

Garaitsuan egindako inkesta baten arabera, hainbat arrazoi ageri dira arrakastaren atzean: bertako komertzioa sustengatzea (%33), Ipar Euskal Herriko ekonomia dinamizatzea (%30), praktika etikoak laguntzea (%17,67) eta euskara sustatzea (%14), besteak beste.

Euskoak, halaber, elkartasun ekimen zehatzak eragiten ditu. Euskoaren erabiltzaileen %25ek artean sartu gabea zen salgune batera jo du, euskoa onartzen zutela jakinik, eta %62k, berriz, bi salguneri edo gehiagori zabaldu dio atea.

Euskoak bezero berriak ekarri dizkie, beraz, moneta bere egin duten komertzioei. Euskoa eurora aldatzean, %5eko komisioa ordaitzen da, elkarteen %3ko emaitza finantzatzeko. Eta emaitza horiek euskotan ordaintzen dira, saretutako komertzioetara jotzeko.

Enpresen %90ak 2014 urterako kidetza berritu du, eta kanpo gelditu diren %10 horien erdiena jarduera gelditu dutelako izan da. Oro har, hartzen dituzten euskoen %71 hornitzaileak eta soldatak ordaintzeko erabiltzen dituzte enpresariek.

2013ko urte amaierako inkestak dioenez, %87k ez dute euskoa eurora aldatzeko beharrik izan eta %93ri ez zaio kontabilitatean eragozpenik sortu. %87k uste du ingurumenaren eta euskararen alde hautatutako desafioak ez direla zailak, eta %35ek dagoeneko tokiko hornitzaileak lehenesten dituzte euroa berrerabiltzearren.

Informazio gehiago:

Euskal Monetari buruzko albisteak eta bideoak ARGIAren Euskoa kanalean.