argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Zor patriarkala

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko otsailaren 20a
Soldata arrakalari aurre egiteko ekimen baten aurkezpena Gasteizen 2020an (argazkia: LAB)

Emakume langileok badugu zer salatu eta exijitu otsailaren 22an, soldata berdintasuna aldarrikatzeko nazioarteko egunean, eta egingo dugu berriz ere. Ez da alperrik izango gainera, lortu dugu onartzea soldata arrakala existitzen dela, eta diskriminazioaren arrazoiak zeintzuk diren onartu behar izatea ere bai. Honaino ekarri ditugu instituzioak, hor kokatu dugu eztabaida patronalarekin, hasi gara enpresetako agendan arrakalaren auzia sartzen… ez da gutxi. Baina hor gaude.

Ezer gutxirako balio du “beti izango gara zorretan zaintza lanetan aritu diren emakumeekin” diskurtsoetara ekartzea, gero ez badago inolako borondaterik sistemak inposatutako baldintzetan egindako lan guzti horrek benetan balio duena aitortzeko, eta ez bada neurtzen emakumeoi suposatu digun kostu ekonomikoa zehazki zenbatekoa den, zor zaiguna ordaintzeko. Iruzurra da soldata arrakala dagoela aitortzea eta konponbidea lan merkatuan kokatzea. Ongi baitakite ez dagoela halako aurrera urratsik egiteko lan harreman eredu demokratikorik; ezta indar harremanik edo egiturazko aldaketa lortzea helburu duen prozesu soziopolitikorik ere.

Arrakalaren aitortzaren borroka irabazi dugu. Sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen den eredua iraultzea helburu izango duen prozesua behartzeko, urrats berriak behar ditugu ordea. Proposamenak hor daude: emakumeentzat gorde dituzten lanen balorazio berria egitea; zor patriarkala deritzogun aldagai zuzentzailearen bidez sektore feminizatuetako soldatak gaurkotzea; zaintza lanak berrantolatzea gizonen, emakumeen, komunitatearen eta sistema publikoaren artean banatzeko...