argia.eus
INPRIMATU
Zonifikazioaren aurkako aldarria egin dute Mañerun, eremu mistora sartzeko ezetza jaso ondoren
  • Mañeruko herritarrek, udalbatzak babestuta eta Hordago taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute zonifikazioaren aurka. Hamar egun pasatu dira eremu mistoan sartzeko proposamenari atea itxi ziotenetik Navarra Sumak eta PSNk.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 13a
Igande eguerdian zonifikazioaren aurkako elkarretaratzea egin dute Mañerun. (Argazkia: @garesko_auzalan)

Nafarroako Parlamentuaren ezezkoak samina eta atsekabea eragin ditu Mañerun, bertako udalbatzak aho batez egin baitzuen eremu mistoan sartzeko eskaera, "euskara ere Mañeruko hizkuntza delako". Horregatik, eta Mañerutik harago joanda, euskararen zonifikazioaren amaitzeko eskatu zuten Hordago taldeak eta udalak, igande eguerdian deitutako elkarretaratzean.

Berria egunkariak jaso duenez, "Mañeruko herritarrak erabakia ezin ulerturik daude", ez dutelako horretarako argudio baliozkorik ikusten, baina protestaren hondarrean nabarmendu dute ez dutela "amore emateko asmorik batere".

Mañeruko alkatea, "amorraturik"

Bozketa eguna iritsi aurretik, PSNk botoa aurreratu zuenean ARGIArekin hitz egin zuen Mañeruko alkate Nuria Garciak.

“Eremu ez euskaldunean jarraitzen duen bailarako herri bakarra gara; duela sei urte eremu mistora pasa ziren gainerako herri guztiak eta bakarrik geratu gara. Herri horiekin ez da inongo arazorik egon, zergatik orain bai? Ez dugu PSNren jarrera ulertzen, ez dugu ulertzen zergatik dauden ezezkoan. Gainera, argudioak ere ez dira ulergarriak. Noiz arte jarraitu behar dugu eremu ez euskaldunean?”, adierazi zuen alkateak.