Artaxoa, Larraga eta Mendigorriako guraso talde batek eskolako jantokirako eta garraiorako diru-laguntza eskaera egin du Nafarroako Gobernuko Erregistroan. “Nafarrak gara, euskaraz bizitzeko eskubidea dugu”, aldarrikatu dute.
Eunate Lopez eskaera egin duten gurasoetako batek Info7 Irratian izandako elkarrizketan azpimarratu duenez, eskakizun zehatza egin dute: “Ez dugu gauza berezirik eskatzen, beste herrietan dutena baizik”.
Herriok zonalde “ez-euskaldunean” deitutakoan daudenez, haurrek ez dute euskaraz ikasteko aukerarik. Egun Mendigorria, Artaxoa eta Larragako umeak Gareseraino joan behar dute euskaraz ikasi ahal izateko. Mendigorriatik egunero 14 kilometro egiten dituzte, Artaxoa eta Larragatik berriz 28na kilometro egin behar dituzte: “Gure seme-alabak goizago esnatu behar dira eta horretaz gain, kotxea egunero hartu behar dugu. Behintzat zailtzasun hori apaltzeko laguntza eskatzen dugu”.
2008-2009 ikasturtean diru-laguntza murritzak kendu zizkietela salatu du Lopezek: “Egoera aldatuko denaren ilusioa dugu. Nafarroako gizarteak aldaketa handia izan du hauteskunde hauetan”.
Sortzen Elkarteak babes osoa eskaini die Nafarroako Gobernuko Erregistroan eskaera zuzena aurkeztu duten gurasoei: “Euren seme-alabek euskaraz ikasi dezaten, Gareseko edota Lizarrako eskolara egunero mugitu behar dira, horrek suposatzen duen gastu ekonomiko eta fisikoarekin”.
“Euskaraz ikasteko eskubidea, nafar guztien eskubidea da, bakoitza bere herrian, Artaxoan, Oibarren, Otsagin eta Iruñean. Vascuencearen Legea bertan behera uzteko garaia da, eta honekin batera, euskarak Nafarroan bere lekua berreskuratzea”, azpimarratu dute Sortzeneko kideek.
Egoera berean dauden herritarrei antzerako eskaera egiteko gonbita luzatu diete elkartetik.