Azaroaren 17an estreinatuko dute dokumentala Bilboko Campos Eliseos antzokian, 19:30ean eta azaroaren 20an, Muguruza hil zuteneko 25. urteurren egunean, Errekaldeko Udaltegian egongo da ikusgai. Hortik aurrera hiriburuetan eta herrietan zabaltzeko asmoa dute zuzendariek.
Lander Iruin eta Markel Andia dira egileak, eta haien helburua dokumentala “jende gaztearengana” heltzea da: “Belaunaldi berriek HBko diputatua izan zela eta tiroz hil zutela bakarrik dakite”. Zuzendari biak “seguru” daude hori baino gehiago zela Zohardia goitizenaz sinatzen zuen gizona.
28 testigantza
Dokumentala 21 elkarrizketaz osatuta dago, eta guztira 28 testigantza jaso dituzte, besteak beste, errefuxiatu garaian harekin egondako lagunekin eta HBko buruzagitzan kide izan zituenekin hitz egin dute. Elena Bartolome, Muguruzaren emaztea izan dute gidari.
Zuzendarien hitzetan Euskal Herriaren historian une "garrantzitsuak" izan zirenak azaltzen ditu filmak: Frankismoaren amaiera, GALen garaia edota Argeleko elkarrizketak.
Dokumentalaren bidez, orduko gertaerak transmititu nahi dizkiete, heurek bezala, garai horiek bizi ez zituztenei: “Guk sentitu duguna ikusleari sentiarazi nahi diogu ikusleari”.