Eremu mistotik 'ez euskaldunera' pasatzeko proposamena aurkeztuko du asteazkenean Zendeako Udalak. Herritarrek neurriaren aurkako sinadura bilketa eramango dute Nafarroako Legebiltzarrera, Diario de Noticias-en irakur daitekeenez. Zendeako lau kontzeju UPNren proposamenaren aurka agertu dira.
Zonalde mistotik ez euskalduna delakora igarotzeko proposamena egingo duen lehen udalerria izango da Zizurko Zendea. UPNk 6 ordezkari ditu udalean, Erreniegak 3, Talde Independenteak bat eta Geroa Baik bat. Beraz, proposamenak aurrera egiteko aukera asko ditu. Asteazkenean eztabaidatuko dute UPNren mozioa osoko bilkuran eta Nafarroako Gobernuak izango du azken hitza.
Zendeako bizilagunek sinadura bilketa eramango dute Legebiltzarrera eta, beharrezkoa bada, Estrasburgoko Auzitegira joko dutela ziurtatu dute. Azpimarratu dute udalerriak 30 urte daramatzala eremu mistoan eta aldaketak “hizkuntza eskubideen galera” ekarriko lukeela.
Larraia, Muru, Zarikiegi eta Undianoko kontzejuak neurriaren aurka azaldu dira. "Oso neurri garrantzitsua izanda", eztabaidarik egon ez izana salatu dute.
Orain arte Nafarroan 40 udalerri inguruk eskatu dute kontrako norabidea egitea, alegia, euskal hiztunek eskubide gehiago dituzten eremura igarotzea. Atetzek, gainera, eremu mistotik euskaldunera pasatzeko proposamena egin du, lehen aldiz.