argia.eus
INPRIMATU
ZIUtik atera da Ertzaintzak foam jaurtigaiz buruan jo zuen Realeko jarraitzailea
  • 44 urteko emakumea zainketa intentsiboetako unitatetik atera zuten martxoaren 8an. Hilaren 5ean, Realaren eta Paris Saint Germain-en arteko futbol partida hasteko zegoela Ertzaintzaren agenteek egindako kargetan zauritu zuten. Ertzaintzaren interbentzioa "basakeria" izan zela adierazi du bere senarrak.

ARGIA @argia 2024ko martxoaren 11
Ertzaintzaren karga Reale Arena inguruan; zale ugari estadiora sartzear zirenean oldartu ziren agenteak. Argazkia: Linas Korta

Noticias de Gipuzkoa agerkariak azaldu duenez, elektroentzefalograma bat egin diote zaurituari eta neurologiako solairura eraman dute. Senarrak EITBri egindako adierazpenetan azaldu du “hematomak hor jarraitzen” duela eta “xurgatu arte zain egon” beharko dutela. Senarrak espero du bere emazteak bizitza normala egin ahal izango duela, eta medikuek esandakoak kontuan hartuta, “betiko Amaia” izateko itxaropena dauka.

Senarrak irrati publikoan esan du “basakeria” izan zela ekintza. Azpimarratu du distantzia motzean egin zutela tiro eta “onargarria ez den” altueran; “ezin da gerritik gora tiro egin” gehitu du zaurituaren senarrak.

Ikerketa zabalik

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du barne ikerketa zabaldu duela eta emakumearekin eta haren familiarekin harremanetan jarri dela, gertaturikoa argitzeko. Era berean, epaitegiari eskatu dio auzitegi-mediku batek aztertu dezala nola zauritu zen. "Euskal jarraitzaile erradikalek sorturiko istiluen barruan, inpaktu bat jaso zuen buruan", dio Ertzaintzak gaztelania hutsean argitaraturiko oharrak.

Zauritu gehiago

Beste bi zauritu izan ziren Reale Arena futbol estadioaren inguruetan. Martxoaren 7an beste emakume batek salaketa jarri zuen Donostiako Udaltzaingoan. Segurtasun Sailak adierazi duenez, zauri “arinak” izan ditu bizkarrean jasotako inpaktuaren ondorioz. Naiz egunkariak jaso duenez, hirugarren pertsona batek begi ondoan jaso zuen inpaktua.