Abenduaren 16an iragarri zuen multinazionalak Nafarroako lantegiaren itxiera. Ekoizpenari “normaltasunez” ekitea eskatu die langileei Ezkirotzeko zuzendaritzak, baina sindikatuek “ezinezkotzat” jo dute. Lan Ministerioak bilera deitu du ostiralerako Madrilen, eta bertan izango da Alemaniako zuzendaritza ere.
Ezkirotzeko BSH etxetresna elektrikoen fabrikako langileek astearte honetan ekin diote berriro ekoizpenari, Gabonetako etenaldiaren ostean. Hala ere, ziurgabetasunak markatu du lanerako itzulera, joan den abenduaren 16an Alemaniako multinazionalak itxiera iragarri ostean. Lantegia ixtea eta 655 langileak kaleratzea ekarriko luke horrek.
Enpresa batzordeak eskatuta, bilerak egin dituzte lantegiko zuzendaritzak eta langileek. Horietan, ekoizpena “normaltasunez” berrabiaraztea eskatu die langileei, baina sindikatuetako ordezkariek "ezinezkotzat" jo dute eskaera, egoera dela eta. Enpresa batzordeak adierazi duenez, BSHko tokiko zuzendaritza "shock egoeran" dago, eta multinazionalaren Alemaniako zuzendaritzarekin hitz egitea eskatu du. Nafarroako eta Espainiako gobernuek ere funtsezkotzat jo dute Alemaniako zuzendaritzarekin zuzenean negoziatzea.
Ostiralean bilera Madrilen
Espainiako Lan Ministerioak bilera deitu du ostiralerako Madrilen. Bertan izango dira langileek ordezkariak, Lan Ministerioko ordezkariak eta Nafarroako Gobernukoak, Maria Chivite presidentea buru. Hainbat asteetan gonbitari entzungor egin ostean, BSHren Alemaniako zuzendaritzak berriki jakinarazi du Madrilen izango dela ostiralean.
Negoziazioen helburu nagusia konpainiak lantegiaren itxiera berriz aztertzea da. Aukera horrek aurrera egiten ez badu, lan alternatibak bermatuko dituen eta kaltetutako 655 langileen etorkizuna argituko duen industria plan bat lortzea litzateke hurrengo asmoa