argia.eus
INPRIMATU
Zisjordaniaren okupazioa azkartu du Israelek, arreta Gazan jarrita dagoela baliatuta
  • Azken egunetan Zisjordania okupatuko hiri guztietan indarrez sartu da armada israeldarra. Kolono sionistek lurren okupazioak eta erasoak biderkatu dituzte urriaren 7az geroztik. 500 palestinar baino gehiago hil dituzte soldadu eta kolonoek Zisjordanian ordutik.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 20a

Gazako genozidioak mundu osoko hedabideak betetzen dituen bitartean, Israelek Zisjordanian ere aurrera pauso handiak eman ditu lurraldea kolonizatzeko prozesuan. Dozenaka etxe eraitsi dituzte azken astean eta hildakoak egon dira hainbat hiritan. Joan den ostegunean hiru gazte palestinar hil zituzten Tulkarem hirian egindako sarekada batean. Ostiralean haur bat hil zuten tiroz Beit Ummar herrian, Wafa berri agentziak jakinarazi duenez. 8.700 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte Zisjordanian azken zazpi hilabeteetan. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak salatu du muturreko indarkeria “izugarri igo” dela Zisjordanian Gazako oldarraldia hasi zenetik.

Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak ere salatu du Israelgo Gobernuak pauso bat gehiago eman duela Zisjordaniako palestinarren aurkako erasoetan. Omar Shakir-ek, HRW erakundeko Israel eta Palestinako arduradunak, adierazi du armada sionista “mehatxua ez ziren” pertsonei tiro egiten ari dela “etengabe”, baita ihesean dauden pertsonei edota zaurituta edo lurrean botata daudenei ere. Al Jazeera hedabideari azaldu dionez, azken zazpi hilabeteetan herritar zibilen etxeetan sarekada ugari egin dituzte, bertako biztanleak hil edo zaurituta, eta eskolara bidean zihoazen haur palestinarrak ere hil dituzte. Gazako Osasun Ministerioak eta Al Jazeerak zabaldutako azken datuen arabera, 504 palestinar hil ditu Israelek Zisjordanian urriaren 7tik, horietako 125 haurrak, eta 4.950 pertsona zauritu.

Okupazioa areagotu du Israelek Zisjordanian

Haaretz hedabide israeldarraren arabera, Israelgo gobernuak eta kolono komunitateek “gerraren testuingurua baliatu dute Zisjordaniako errealitatea aldatzeko”. Okupazioa areagotu dute, kolonien mugak zabaldu dituzte eta biztanle palestinarrekiko harremana are gehiago gaiztotu dute, “gelditzen zitzaien moderazio apurra galduta”. Eskuin muturreko gobernu sionistan postu garrantzitsuak dituzte legez kanpoko kolonietako kideek, eta horrek ahalbidetu die, Haaretzen esanetan, “botere kritikoa” eskuratzea okupatutako lurretan. Kolonoen milizia armatu eta uniformatuen gorakada handia eman da azken hilabeteetan. Armada sionistak Zisjordaniako legez kanpoko kolonietako biztanleei armak eman izan dizkiela ohartarazi du Israelgo hedabideak.

Okupatutako Zisjordanian ia hiru milioi palestinar bizi dira, eta ia 700.000 kolono daude bertako legez kanpoko kolonietan. Estimazio batzuen arabera, gainera, palestinarrek ezin dute sartu Zisjordaniako lurraldearen %61ean. Checkpointek, kolonoek jarritako barrikadek eta armada eta kolono sionisten erasoaldiek apurtu egin dituzte hiri eta herrixka gehienen arteko loturak. Horren ondorioz, Mugarik Gabeko Medikuak (MGM) erakundearen arabera, palestinar askok ezin dute oinarrizko osasun zerbitzurik jaso, eta zailtasun handiak dituzte janaria, ura, erregaiak eta bestelako produktuak lortzeko. Munduko Osasun Erakundearen datuen arabera, iazko urritik hona 447 osasun azpiegiturari eraso egin die Israelek Zisjordanian.

MGM erakundeak salatu du Zisjordania hegoaldeko Hebron hirian indarkeria hain dela gogorra palestinar asko beldurtuegi daudela etxetik ateratzeko ere. Hebrongo Madafer Yatta auzoko bizilagun baten hitzak jaso ditu MGMk. “Gehienetan debekatua dago etxeko leihoan egotea ere. Behin, leihotik begira nengoela, kolono batek ikusi ninduen eta soldaduengana joan zen kexaka. Soldaduak orduan nire etxean sartu eta dena suntsitu zuten”.

Zisjordaniako hirietan erasoak

Al Jazeera eta Al Mayadeen hedabideen arabera, Zisjordaniako “hiri guztietan” indarrez sartu da Israelgo Armada azken egunetan. Nablus, Tulkarem, Jeriko, Qalqilya, Jenin, Tubas, Belen, Ramallah, Hebron eta Al-Bireh hirietan, adibidez, erasoaldiak egin dituzte sionistek, baina ez dira leku bakarrak izan. Nablus hegoaldeko Yatma nekazari komunitateari eraso egin diote aste honetan kolono israeldarrek, eta su eman diete palestinarren etxe eta lantegiei, Al Jazeerak argitaratu duenez. Jenin eta Tulkaremen, Zisjordania iparraldean, armada sionistak erasoak egin ditu azken egunetan, eta hainbat pertsona hil ditu bertan. Haaretz hedabide israeldarraren arabera, azken hilabeteetan Zisjordanian hamazortzi artzain komunitate suntsitu dituzte kolonoek, armadaren babespean.