Kanadako Gorte Federalak ebatzi du Zisjordaniako ardoak ezin direla Israelgo produktutzat saldu. Arrazoien artean, etiketatze hori "faltsua, okerra eta engainuzkoa" dela argudiatu du auzitegiak.
Herritar baten salaketaren ondorioz hartu dute erabakia epaitegiek. 2017an, jatorri judutarra duen David Kattenburgek kexa luzatu zion Kanadako Elikagaien Inspekziorako Agentziari, Psagot eta Shiloh upategietako ardoak Israelgo produktu bezala etiketatuta zeudela, baina Zisjordanian ekoizten zirela jakin zuenean.
Hasiera batean elikagaien agentziak etiketa kentzea onartu zuen, baina erabaki hau atzera bota zuen Kanadaren eta Israelen arteko Komertzio Askerako Ituna dela eta. Itun horrek Palestinako lurralde okupatuak Israelgoak direla onartzen baitu.
Horren aurrean, Kattenbug-ek Kanadako Elikagaien Inspekziorako Agentziaren erabakiari apelazioa egin zion, argudiatuz lurralde okupatuak Kanadak eta nazioarteko komunitateak ez dituelako Israelgo lurraldetzat aitortzen. Hala, Kanadako Gorte Federaleko epaileak onartu du Israelgo produktutzat saltzea faltsua eta engainuzkoa dela.
Frantziaren antzera
Antzeko kasu bat irekita dago gaur egun Frantziako Estatuan; izan ere, Psagot upategiko ardoak Israelgo produktutzat saltzea debekatu dute Frantzian, Zisjordaniako kolonia israeldarretan egindako ardoak Israelgo "asentamentuetan" egindako produktu bezala saldu beharko dituzte hemendik aurrera.