Antsoainen bizi gara. Seme-alabak euskaraz hezi nahi ditugu, baina Udalak herriko haur eskolan ez digu eredu euskaldunik eskaintzen. Umeak Iruñeko haur eskola euskaldunetara eraman behar ditugu.
Egoera honen aurrean, orain hilabete batzuk herrian haur eskola euskalduna aldarrikatzen hasi ginen. Hainbat batzar egin genituen Udalarekin eta urtarrilean gaia udalbatzara iritsi zela jakin genuen; baina horra arte. Alkateak batzarrean, haur eskolan euskal adarra abian jartzeko baldintza eta berme nahikorik ez zegoela esan eta puntua ez tratatzea erabaki zuen. Antza, haren hitzetan: eskolako hezitzaileek izan beharko luketen euskara maila ziurtatzeko zailtasunak omen dituztelako.
Zer ez zuen esan:
"Alkateak esan zuenari baino esan ez zuenari erreparatuz gero, haur eskolan euskal adarrik ez zabaltzearen arrazoia politikoa dela argi eta garbi geratzen da"
Hortaz, alkateak esan zuenari baino esan ez zuenari erreparatuz gero, haur eskolan euskal adarrik ez zabaltzearen arrazoia politikoa dela argi eta garbi geratzen da. Udalak ez du haur eskola euskaldunaren bidean neurri eraginkorrik hartzeko borondaterik. Azken hilabeteetan gainera, instantzien bidez urratsik emango duen galdetuta, ostrukarena ere ongi egiten dakiela erakutsi digu.
Gutxietsiak, baztertuak sentitzen gara, baina jakin dezala ez dugula etsiko. Seme-alaben hizkuntza eskubideak bermatuak ikusi arte, lanean tinko jarraituko dugu.
Iaz, Iruñeko haur eskoletara seme-alabak eramateagatik, Iruñeko Udalak “kanpotarrei” ezartzen zigun kuota gehigarria Antsoaingo Udalak bere gain hartzea lortu genuen. Oraingoan, herrian haur eskola euskalduna izatea lortuko dugu!
“Zertarako da eskubidea, biderik ez badago...”
*Nestor Esteban eta Marta Oroz, Antsoaingo gurasoak dira